|
2010-01-07
09:14
Azken aldaketak: 2010-01-07 09:16 |
|
|
Eusko Ikaskuntzaren BAI Programaren jarrera Kopenhageko Gailurraren (COP 15) porrota dela eta
Eusko Ikaskuntzaren BAI Berezko Aurrerapen Iraunkorra Programaren Batzorde Eragileak honako hauek berretsi nahi ditu:
- Euskal Herrian iraunkortasun kultura ezartzeko konpromisoa.
- Gure herriaren betidaniko berezko balioak, hala nola, eraginkortasuna, zorroztasuna, elkartasuna, ondo eginiko lanarenganako gustua, eta, era berean, abnegazio espiritua eta ahalegina ingurukoei etorkizun duina eskaintzeko.
- Etorkizunaren aurrean ikuspegi adoretsua eta baikorra.
Kopenhageko Gailurrean (COP 15) berriki hartutako erabakiak porrot biribilak dira. Zientzia-elkartearen ustez, berotegi-efektua eragiten duten gasen (BEGen) isurpenak murriztearen inguruan hartutako konpromisoak ez dira behar bestekoak, klima-aldaketa “itzulezin” bihur ez dadin. Izan ere, zientzialariek diotenez, tenperatura globala bi gradu zentigradu baino gehiago hazten bada, klima-aldaketa atzeraezina izango da. Bestalde, garapen-bidean dauden herrialdeentzat adostutako dirulaguntzak ere txikiegiak dira, argi eta garbi, klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko.
Eusko Ikaskuntzaren BAI Berezko Aurrerapen Iraunkorra Proiektu Enblematikoaren Batzorde Eragilea eta kide laguntzaile guztiok bat gatoz, bete-betean, mundu osoko gizarte zibilaren gehiengoarekin, eta erabateko etsipenean erori gara, munduko agintariek gero eta nabariagoa den klima-aldaketari aurre egiteko akordioak, ezinbestekoak, lortzeko gai ez direla egiaztatu ondoren.
Esanak esan, Kopenhageko COP 15 Gailurraren porrotak ezin gaitu geldiarazi. Etorkizunari adorez eta baikortasunez begiratu behar diogu. Munduko agintari gorenak akordio eraginkorrak lortzeko gai ez izan arren, mundu osoko hiritarrok ekinean jarraitu behar dugu, toki-eremuetan klima-aldaketari aurre egiteko beharrezkoak diren politikak eta neurriak abian jartzeko.
BEGen isurpenak murrizteko, ezinbestekoa da gutako bakoitzak funtsezko aldaketak egitea. Beraz, Eusko Ikaskuntzaren BAI Berezko Aurrerapen Iraunkorra Proiektu Enblematikoan parte hartzen ari garen kideok Euskal Herri iraunkorraren alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi dugu, gure proiektuak oinarri hartuta:
- Sortutako erronkei erreparatuz, bistakoa da bestelako ekonomia-adierazleak ezarri behar direla, BPGaz gain, lortu nahi dugun berezko aurrerapen iraunkorra neurtzeko.
- BEGen isurpenak eta gizakiaren ingurumen-inpaktua murrizteko, nahitaezkoa da gure gizarteko garraioen alorra berrikustea, mugikortasuna kudeatzeko eta lurralde-antolamendua gauzatzeko modu berriak finka ditzagun.
- Halaber, energia-gastu txikian oinarritutako ekonomia finkatzea ere ezinbestekoa da, energia-ekoizpenari eta -kontsumoari loturiko eredu berritzaileak abian jarriz.
- Laburbilduz, hiritarrengandik hurbilen dauden toki-eremuetan plan berritzaileak ezartzeko aukeratzat hartu behar dugu krisia. Adierazi bezala, plan berritzaileak abiarazi behar dira, nola teknologien hala gizartearen ikuspegitik.
Gure zibilizazioak ezaugarri duen iraunkortasun-krisia anitza eta estrukturala da. Ildo horretan, klima eta ingurumena ez ezik, baliabideak, ekonomia, finantzak eta gizartea ere krisiak jota daude. Ondorioz, hausnarketa sakona egin behar dugu egungo egoera sorrarazi duten balioen inguruan, eta benetako eta berezko ongizate iraunkorra lortzen laguntzen diguten aztertu behar dugu. Izan ere, etorkizun iraunkorrak beste balio batzuk eskatzen dizkigu: sakrifizio-gaitasuna, zorroztasuna, elkartasuna eta moldez lan egiteko nahia. Horiek guztiak, hain zuzen, gure herriaren tradiziorik onenari loturik daude.
Eusko Ikaskuntzaren BAI Programari buruz
Eusko Ikaskuntzaren BAI Programa, 2003tik ari da Euskal Herriarentzat Berezko Aurrerapen Iraunkorra ikertzen, sustatzen eta hedatzen etorkizun-azterketetan oinarritutako foroen eta ituntze-foroen bidez.
Eusko Ikaskuntzari buruz
Eusko Ikaskuntza zientzia- eta kultura-erakunde pribatua da. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Foru Aldundiek sortu zuten 1918an, euskal kultura garatzeko tresna egonkorra eta iraunkorra izan zedin. EAEn, Nafarroan eta Iparraldean dago hedatuta. Erakunde pribatua da, eta bere bazkideak munduko txoko guztietan bizi dira. Eusko Ikaskuntzak 15 zientzia-sail ditu.
Tokian tokiko Erkidegoko erakunde publikoekin elkarlanean jarduten du. Euskal Herriaren aurrerapena bultzatzen eta gizarte-kohesioa eta identitate partekatuak sustatzen ditu, jakintzak aztertuz, ikertuz eta hedatuz.
Eusko Ikaskuntzaren proiektua
Aupatu
Zabaldu
del.icio.us
Digg
Google
Technorati
Yahoo