|
2009-11-11
12:17
Last modified: 2009-11-11 12:18 Translated by: Leire Gaceo Melgosa |
|
|
Abian da Gidoi Faktoria, Euskadi gidoilarien prestakuntzako erreferente bilakatzeko prestakuntza programa
Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak eta EiTBk gaur inauguratu dute ‘Gidoi Faktoria / El Espacio del Guión’ prestakuntza programa; egitasmoaren helburua ikus-entzunezkoen produkzioan lan egiteko aukera izango duten gidoilari adituak prestatzea da, arlo horretan gaur egun telebistaren merkatuan dagoen hutsunea betetzeko.
Ekitaldira bertaratu dira Juan Mari Gurrutxaga (Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko presidentea), Patxi Arratibel (EiTBko Estrategia eta Kanpo Harremanetako Zuzendaria) eta Madalen Bermeosolo, Gidoi Faktoriako Koordinatzailea, Gidoi Faktoriaren lehen edizio honetan parte hartuko duten 20 ikasleez eta zenbait irakaslez gainera.
Uztailean, jardunaldi irekiak egin zituzten EiTBko Multibox aretoan prestakuntza programaren xehetasunen berri emateko. Hautaketa prozesua sektoreko profesional talde batek egin zuen uztailean eta irailean, eta bertan berrogeita hamar bat pertsonek hartu zuten parte.
Prozesu amaieran 18 eta 45 urte bitarteko 20 pertsona hautatu zituzten; gehienak Bizkaikoak dira, baina badira beste bi lurralde historikoetako eta Kantabria nahiz Nafarroako pertsonak ere. Ikasle horiek izango dira prestakuntza berezituko ikastaroa egingo duten lehenak eta hura amaitzean ‘gidoilari adituak’ titulua jasoko dute. Proposamen berritzailea izateaz gain, Gidoi Faktoria gidoia ardatz duen Estatuko lehen prestakuntza programa osoa eta integrala ere bada.
Orain bi urte, Ikus-entzunezkoen Klusterrak ikus-entzunezkoen euskal industrian gidoilariak falta zirela egiaztatu zuen, prestakuntza diagnosi baten bidez. Diagnosi hori bat zetorren EiTBk bere sormen tailerren esparruan antzemandako gabeziekin; hori dela eta, Sektorearen lehiakortasuna hobetzeko egitasmo estrategiko gisa proposatu zuten ekimena.
“Ikus-entzunezko produktu on batek gidoia du oinarri. Gidoi Faktoriaren helburuak gidoilariak prestatzea, ahal den neurrian hemen atxikitzea eta geure sektorea hemendik kanpo erreferente bilakatzea dira”, azaldu zuen Itziar Menak, Eiken – Ikus-entzunezkoen Sektoreko Klusterreko zuzendariak.
Profesional entzutetsuak
Madalen Bermeosolo, EiTBko Prestakuntzako arduraduna, izango da Gidoi Faktoriako buru eta harekin batera 25 irakaslek lan egingo dute; horiek gidoiaren eremu guztietan izen ona duten eta zinemako, telebista telesailetako, entretenimendu programetako, dokumentaletako, reality programetako eta abarretako dozenaka proiektutan parte hartu duten profesionalak dira.
Gidoi Faktoriako irakasleak izango dira, besteak beste: Michel Gaztambide (Yoyes, La Caja 507...), Txemi Parra (Aguila Roja, 7 vidas, El internado, El comisario…), Asier Aizpuru (Amar en tiempos revueltos), Virginia Yague (La señora), Pedro Fuentes (Goenkale...), Nacho Velilla (Aída, Médico de Familia…), Diego San José (Pagafantas), Roberto Ontiveros (GH) edo Carolina Cubillo (Callejeros) IKUS ERANSKINA.
Prestakuntza programa EiTBk Bilbon duen egoitza berriko 4. Platoan emango da. Lau modulu independente izango ditu, eta, guztira, 350 eskola ordu emango dira. Bereziki, gidoilari orok ezagutu beharreko trebakuntzak eta gaitasunak landuko dira. Zentzu horretan, parte-hartzaileek sakon aztertuko eta ezagutuko dituzte telebista, gidoiaren oinarriak eta tresnak, eta horiek fikzioan, entretenimenduan eta beste genero batzuetan aplikatzeko modua.
Gidoilari aditua
Gainera, ikasleek amaierako proiektu bat egin beharko dute eta Gidoi Faktoriarekin elkarlanean aritzen den produkzio enpresaren batean praktikak egiteko aukera ere izango dute (250 ordu, gutxi gorabehera); une oro jasoko dute tutorearen laguntza. Programa osoa amaitzean, Eikenek eta EiTBk “Gidoilari aditua” titulua emango diete ikasleei.
Eiken – Ikus-entzunezkoen Sektoreko Klusterreko enpresa hauek lagundu dute Gidoi Faktoria prestakuntza programa diseinatzen: Pausoka, 3 Koma, K 2000, Baleuko, Irusoin eta Orio Produkzioak.
Egitasmo berritzaile hau honako hauei zuzenduta dago: ikus-entzunezkoekin zerikusia duten unibertsitateko edo prestakuntza zentroetako ikasleei; sektoreko profesionalei edo lotura duten beste sektore batzuetako profesionalei; eta euren ibilbide profesionala gidoigintzan garatu nahi duten pertsona guztiei.
Prestakuntza programarekin batera, iraupen laburreko (10-15 ordu) bost ikastaro edo tailer monografiko ere antolatuko dituzte, eta horietan profesional orok parte hartu ahal izango du. Halaber, ekimen horren testuinguruan, Eikenek eta EiTBk gidoigintzarekin zerikusia duten gaiei buruzko hitzaldiak, jardunaldiak eta saioak egitea aurreikusi dute; sektoreko profesional garrantzitsuenek parte hartuko dute haietan.
A project by the Basque Studies Society
Aupatu
Zabaldu
del.icio.us
Digg
Google
Technorati
Yahoo