|
|
Arkaitz Olea: "Gustukoa duzun musika jarriz jendearekin interakzio bat eukitea da asuntua"
Zertan oinarritzen zara zure konposizioak egiteko? Zein musikalari hartzen duzu edo dituzu ardatz gisa?
DJaren jarduna, modu labur batean esanda, musika hautatu, programatu eta nahastean oinarritzen da. Gustukoa duzun musika jarriz jendearekin interakzio bat eukitea da asuntua, beti toki eta momentuaren arabera, noski. Ez da gauza bera jaietako gau baten musika jartzea, edo jendea afaltzen eta hizketan dagoen bitartean pintxatzea.
Nik gustukoa dudan musika jartzen dut, inguruarekiko egokitasun hori zainduz, baina eraberean nire marka edo zigilu propioa uzten ahaleginduz. Hori ere inportantea da, platoetan nortasun propio bat izatera iristea... Nire disko maletan oso gauza desberdinak aurki daitezke, baina apur bat zehaztearren nire estiloak hiru oinarri nagusi dituela esango nuke: baxua (reggae, dub eta dancehall jamaikarra), erritmo apurtuak (hip hop-a, breakbeat edo drum'n'bass moduko jeneroetan oso presente daudenak), eta azkenik sustraiak modu zabal baten ulertuta, hau da, nire sesioak elementu euskaldun, balkaniko, afrikar edo asiarrekin zipriztintzen ahalegintzen naiz. Formula hori ez da kapritxo hutsa, azken batean musika mota horiekin disfrutatzen dut eta hori jendaurrean nahastu eta aurkeztea da erronka.
Nahasketa honetara heltzeko asko eragin didate jeneroen arteko "mugalari" lana egin izan duten artistak: Smith & Mighty, M.I.A., Negu Gorriak, Dj/Rupture, The Bug, The Clash, Rhythm & Sound... oso jende desberdina beraien artean, baina aurriritziak apurtzeko orduan ausartak izan direnak.
Zure sesioak sortzeko orduan, beste egileenak bertsionatzen dituzu edota zeureak sortzen dituzu?
Sesioak zuk antolatu, hautatu eta nahasten dituzun momentutik zeureak dira. Hori bai, Dj askok material propioa ekoiztu ohi dute, edo beste artista batzuk birnahasten dituzte, gero sesioetan material propio hori erabiliz.
Momentuz ez dut ekoizketarik egin (euskaltegietan esan ohi den bezala, "ikasten ari naiz"), baina bai euskal tradiziotik hurbil dauden doinuak eta erritmo elektronikoak nahasten dituzten esperimentu batzuk, ingelesez mashup deitu ohi direnak. Mashup bat bi kantu edo gehiagoren elementuak guztiz batzen dituen nahastea da, kantu bakar baten itxura hartuz. Adibidez, albokaz jotako arin arin bati azpitik drum'n'bass erritmo bat jartzea. Esperimentu hauetatik batzuk nire blogean ditut entzungai.
Durangora hurbiltzen zaren lehen aldia da? Aurreko urteetan etorri izan bazara, zelan definituko zenuke?
Askotan izan naiz Durangon, esango nuke azken 10 urteetan behin bakarrik hutsegin dudala. Azken baten, euskal musika eta liburuen kontsumitzaile gehienentzat derrigorrezko zita bihurtu da.
Duda barik, nabarmenena azokak tamaina eta egitura aldetik izan duen garapena da. Gaur egun asko baldintzatzen du euskal argitaletxeen ekoizpena, azaroan egon diren aurkezpen guztiak begiratzea besterik ez dago. Seguruenik argitaletxeek beraiek ere salmenta orekatuago bat gurago lukete... baina bueno. Faktore asko ere dago tartean (Gabonen hurbiltasuna, euskaldunok ohitura batzuk sakratuak bihurtzeko dugun erraztasuna...), eta ez da erraza izango joera hau aldatzea.
Zer iruditzen zaizu azokaren inguruan sortzen den giroa?
Giroa Durangora hurbiltzeko arrazoi nagusia izan ohi da askorentzat, jaien egutegian azokak ere bere txokoa izateraino iritsi gara. Bueno... jaia beti da ona, baina interesgarriena da giro hori ekitaldi ezberdinak bultzatzeko aprobetxatzea, eta esango nuke Azokaren antolatzaileek ere horrela ikusten dutela. Azkenaldian gauza dexente agertzen da ajenda kulturaletan Azokaren harira.
Zelan ikusten duzu euskal musikaren egoera, bai Euskal Herrian baita Diasporako herrialdeetan ere?
Ufff... galdera subjetiboa da hau. Nik esango nuke musika egin eta zabaltzeko inoiz baino medio eta aukera gehiago dagoela. Grabaketak eta ekoizketak edonon egin daitezke aurrekontu murritzekin, kontzertu areto mordoa dugu, musika proiektuak ezagutarazteko inoiz baino baliabide gehiago daude ... Nire ustez saturazio egoera batera ere iritsi gara, lehengo artistek bretxan jarraitzen dute (inork ez du erretiratu nahi!!), berriak etengabe sortzen dira...
Interneten eragina dela-eta, diskoen salmentek nabarmen egin dute behera, zelan piztuko zenuke?
Asuntu hau oso erlatiboa da. Nik inoiz baino disko hobeak eta anitzagoak eros ditzaket internet-i esker: CDa, biniloa, diska digitalak... denetarik kontsumitzen dut.
Gero, disketxeek beraien negozioa nola antolatzen duten, beste kontu bat da. Musika industriaren berregituraketa totala ari gara ikusten gure aurrean, etxe handien zuzendariei entzun ezkero badirudi apokalipsia heltzear dagoela. Niretzat, musikaren inguruko mezu alarmista horiek guztiz hipokritak dira. Disketxeek argi izan behar dute txapelak eta abarketak egiteko fabrikak pikutara joan ziren moduan, supermerkatuetarako CD industria ere desagertzear egon daitekeela. Jadanik masentzako kontsumo musika beste parametro batzutan ari da mugitzen, eta batzuentzako pagotxa bukatzear dago.
Honekin ez dut pirateriaren apologia egin nahi, nik diskoak erosten jarraitzen dut, konpentsatzen didalako eta mp3aren kalitate eskasak ez didalako konbentzitzen... baina negozio osoaren berregituraketa bat ikusten ari gara, eta entzuleari behar duena prezio egokian eskaintzea lortzen duenak bizirautea lortuko du.
Noski, gero paradoxak ere badaude, Metak-en itxiera adibidez. Irudi oso potentea zuen disketxea, kalitate maila ona, diseinu eta prezio erakargarriekin, interneten garaira egokitzen ahalegindu zirenak... eta hala ere, ezin aurrera egitea lortu. Pena handia eragin zidan.
Zein izan daiteke bidea euskal musika diasporara hurbiltzeko?
Bueno, gaur egun munduko mugak ezabatzen ari direla ez da topiko bat, errealitate hutsa baizik. Nik Sri Lanka edo Berebereen kantuekin nahasturiko elektronika entzuten badut, edo Boli Kostako rap-a, zergatik ez du gozatuko Brasilgo edo Australiako tipo batek euskal musikarekin?
Berez, hau jadanik gertatzen ari dela argi dago, gertatzen dena da askotan gure inguruko gizartera mugatu ohi garela euskal musikaren egoeraz mintzatzeko orduan. Eta egia esan, euskal musika talde eta bakarlari batzuk kanpoan potentzialitate askoz handiagoa dute etxean baino.
Hortaz, diasporaren papera garrantzitsuagoa izan daiteke hemendik aurrera... gaur egungo tresnei esker gizateriaren parte handi bat sarean konektatuta gaude, eta Idahoko euskaldun batek, mendian bizi ez bada behintzat, baditu baliabideak euskal musika aurkitu eta kontsumitzeko. Beste gauza bat da saturazio garai honetan EEBBetan bizi den batek txoko honetako musikara heltzeko gogorik eta indarrik izango ote duen. Baina benetan interesatzen bazaio, nik uste dut baietz.
Pertsona honen lotura duten lekuak
A project by the Basque Studies Society
Aupatu
Zabaldu
del.icio.us
Digg
Google
Technorati
Yahoo