2008-11-21 14:56
You are not logged in Log in Register as a user Why register? Forgot your password?
About EuskoSare About the Global Basque Community Contact Press Site Map RSS Small Text Normal Text Big Text   Euskara Castellano Francais English
EuskoSare > Blogs > Eusko Ikaskuntzarekin Mundura > Miren Agur Meabe: "Edozein gai da egokiena gazteentzat idazterakoan, gaia hurbiltzeko modua da kontua"


Advanced search
  • Euskara
  • Castellano
  • Français
  • English
2007-12-05 17:42

Miren Agur Meabe: "Edozein gai da egokiena gazteentzat idazterakoan, gaia hurbiltzeko modua da kontua"

Durangoko 42. edizio honetan Urtebete itsasargian liburuaz mintzatuko zara. Haur eta gazteei gerra azaltzeko modu bat izan da liburu hau ez?
Hala da. Fikzio baten bidez, historia esplikatzeko modu bat. Horregatik, liburuan gertaera handi bat kontatzen bada ere, pertsona txiki baten ahoan ipintzea iruditu zitzaidan egokiena, Lehen  pertsonan eta intimismoa baztertu gabe, modu horretan norberaren subjektibitateari ere bidea emanez. Biktima euskaldun baten ikuspegitik kontatua dago. Jon da gerraren kronista sentibera, hamahiru urteko mutikoa. Jonek samurtasuna eta gordintasuna, beldurra eta ausardia, maitasuna eta gorrotoa, erotismoa eta lizunkeria, heroismoa eta saldukeria, elkartasuna eta zekenkeria ezagutuko ditu Gizakiaren handitasunak eta miseriak.

 

Betetzen al du helburu pedagogikoa?
Istorioaren asmoa, kontakizun entretenigarri baten bidez gozarazteaz gain, gazteenei gerrari buruzko hausnarketa eragitea da. Azken orrietan laburbiltzen dira hausnarketa horren alderdi nagusiak, Jonek itsasargiari agur esaten dion unean. Hasteko, gerra tragedia humano deitoragarria da; euskal kultura jipoitzea ekarri zuen; autogobernuaren etena izan zen; modernotasunarekin zerikusia zeukan edozer ito zuen... Protagonistaren galderak airean geratzen dira, irakurleak bere erantzuna eman diezaien: Gerrako azken eguna ala bakearen lehen eguna? Iragana lurperatu egin behar da ala ez? Denborak garbitzen ditu hutsegiteak? Zergatik gerrak? Gerra guztiak dira berdinak? Gogoeta etikoaz aparte, ahalegin pixka bat eginez gero, liburuari etekin pedagogikoa ere atera dakioke, hainbat aipamen geografiko eta kultural erreal egiten direlako. Aipamen horiei tira eginez ‹Eusebio, Estepan, Augustin, Sorne, Ariztimuño, El Dueso, Artxanda, Karmeloko komentua‹ eta irakaslearen laguntzaz, gazteek garaiko informazio nahikotxo jaso dezakete.

 

Nolakoak dira egungo gazteak? Axola al zaizkie gai hauek edota beste pertsona batzuk dioten moduan ez zaie gauza handirik axola?
Normalena da ez jakitea zer gertatu zen gerran. Nik neuk ere nahastea neukan kronologiaren aldetik. Horregatik egituratu nuen liburua bi zatitan: lehena, protagonista herrira heldu eta sustrai sentimentalak bota artekoa; eta bigarrena, irailetik abuztura, hilez hil izandako gertaera garrantzitsuenak aipatzeko. Liburuan sasoiko ideologia, erlijioa, bizimodua eta joerak aipatzen dira, gure memoria historikoaren zutabeetako batzuk, mosaiko batean legez.

 

Ba al duzu esku artean beste proiekturik?
Bi material lantzen nabil, une batean edo bestean, gogoaren arabera batari edo besteari heltzen diot eta. Bata da lehen amodioari buruzko idazlan bat, prosa eta poesia nahastuko dituena; bestea, umeentzako ipuin bat, kaleko musikarien gaia jorratzen duena. Ea datorren urtean kaleratzen diren biak.

 

Gazteentzat egun idazten den literatura nolakoa da? Zer kalitate du?
Gaiak, edozein izanik ere, modu entretenigarrian aurkeztu behar zaizkie; ez dago gazteentzako edo helduentzako gairik; gaira hurbiltzeko modua da kontua. Bestalde, garrantzitsua da tonua: leziorik ez. Eta samurtasunaren, umorearen edo misterioaren bidetik jo arren, hizkera maila zaintzea. Nire ustez,  kalitate handiko lanak ateratzen ari dira, batik bat oso esku trebatuak daudelako euskal idazleen artean.

 

Bibliografia
Poesia
• Iraila 1984, Sustraia.
• Nerudaren zazpigarren maitasun olerkiari begira 1985, Sustraia.
• Arratsezko poemak 1987, Arbola argitaletxea
• Peneloperen poemak 1989, Idatz & Mintz.
• Oi, hondarrezko emakaitz 1999, Labayru
• Ihesaren kantua 2000, Idatz & Mintz
• Azalaren kodea 2000, Susa

Haur eta gazte literatura
• Bisita 2001, Gara
• Itsaslabarreko etxea 2001, Aizkorri
• Joanes eta Bioletaren bihotza 2002, Elkar
• Etxe bitan bizi naiz, eta zer? 2003, Elkarlanean
• Nola zuzendu andereño gaizto bat 2003, Giltza


Narrazioa
• Uneka... gaba 1996, Labayru


Literatur sari batzuk jaso ditu:
- 1997 Imajina ezazu Euskadi, Ohar orokorrak (poesia)
- 2001 Kritika saria, Azalaren kodea (poesia)
- 2002 Euskadi saria, Itsaslabarreko etxea (gazte literatura)

 


Rate:
http://www.euskosare.org/blogak/durango_2007/miren_agur_meabe_durango_2007/eks_blogentry_view