Atzo Senperen ospaturiko Herri Urratseko 25. urteurrenera hurbildu zen EuskoSare, munduko euskal komunitatearentzako sarea. Atzerrian dauden euskaldunei zuzendutako Eusko Ikaskuntzako programa honek Senpereko lakuaren inguruan urtero antolatzen den jaialdian parte hartu zuen.
Ugari izan ziren atzoko festa bultzatzera lagundu zutenak. Hainbat
eta hainbat kolektibo aritu ziren bertako lagun euskalzaleei mota
desberdinetako informazioa dibulgatzen. Herri Urrats elkartearen
lehendakari ordearekin, Alain Boscekin, egon ginen hizketan (ikusi Benoit Etxeberrik egin zion bideo elkarrizeta), baita Maiatza elkarteko Lucien Etxezaharretarekin ere.
Goizean goiz hasi ziren ekitaldiak Herri Urratsen, antolatzaileek sortutako gune
desberdinetan: Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia,
eta Haurren Xokoan.
EuskoSare taldea Zuberoa gunean egon zen, aipaturiko erakundeekin
eta liburu denda desberdinen errepresentatzaileekin eremua konpartitzen
eta gertuan zegoen Umeen Xokotik zetozen algaretaz eta barreetaz
gozatzen.
Senperera hurbildu ziren askorekin egin genuen berba eta jende asko
ezagutu genuen. Euskal Herrian bizi diren euskaldunak, Euskal Herrian
bizi diren atzerritarrak eta baita kanpoan bizi diren Euskaldunak ere.
Pertsona bakoitzak era berezi batetan egiten zuen mintza baina Euskal
Herriarenganako pasio orokorra ikusgai zen.
Franck Dolosor, Eitbko
Iparraldeko berriemailea, Euskarari buruz egon zen EuskoSarerekin
mintzatzen, Euskaldunok ditugun aukerak eta erronkak aztertzen.
Philippe Carriere, Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkaria,
festara hurbiltzen zen lehen aldia zen eta honek irrifarreak jarri
zituen askoren ezpainetan.
Goizeko hamarrak inguruan hasi ziren ospaketak eta arratsaldeko zortzirak aldera hasi zen jende konpurua baretzen. Tartean, Betagarri eta Deabruak Teilatuetan taldeek jo zuten tokiko hainbat eszenatokietan eta Etzakit eta Joxe Ripiaun egondako kideek osatzen duten Esne Beltza taldearen musikaren berri izateko aukera ere izan genuen.
Sister Simone and the Holy Bandek liluratu gintuen bere soul kutsuarekin eta abeslari nagusiak zuen ahots goxoarekin, eta Frantzeses eta Ingelesez hip hop doinuan abesten zuen MC bat ere ikusi ahal izan zuten festan zeuden lagun orok.
Eguna lasai eta eguzkitsu igaro zen. Lehen euri tantak arratsaldeko
bostak eta laurdena arte ez ziren hasi erortzen eta festari amaiera
eman aurretik Celtas Cortosen "20 de abril" abesti mitikoa entzuteko aukera zoragarria izan genuen.
Zorionak Herri Urrats zure 25. urteurrenean.