Euskal Inkisizioa: Nola esaten da artzain euskaraz?
BILBO, Espainia — Rosa Esquivias euskaldunek Espainiatik banatzeko daramaten borrokoren lehen lerroan harrapaturik dago. Benetan... euskaltegiko gelako lehen lerroan dago.
Esquivias andrea Bilbon sortua da, 50 urte ditu, matematika irakaslea da institutu batean, eta espainiera du ama hizkuntza. Orain, euskara ikasi behar du, edo lanpostua gal dezake. Bederatzi ikaskide ditu taldean. Horietako batek espainiera irakasten die etorkinei. Gutxienez urtebeterako liberatu dituzte guztiak, euskara ikas dezaten. Hogeita bost ordu emango dute aditz ariketak egiten eta euskal hiztegia lantzen astero, beren soldata berdin kobratuz. Euskarak ez du loturarik Europako beste ezein hizkuntzarekin. Milioi bat lagunek baino gutxiagok hitz egiten dute euskaraz. 450 bat milioi lagunek dakite espainieraz munduan.
<<Nik egiten dudan lanerako, gehiegizkoa iruditzen zait euskara ikasi beharra>>, dio Esquivias andreak.
Euskal separatistek 39 urte daramatzate Espainiatik independentzia lortzeko borrokan. Azken aldi honetan, ordea, askok gramatika darabilte, armak erabili ordez. Separatistek beren aberria sortzeko ametsa dute oraindik. Bitartean, bizitza publikoko txoko guztietan euskara ezartzeko esperimentuak egiten ari dira. Egungo Euskal Herriko 2,1 milioi inguru biztanleetatik, % 30 inguruk daki euskaraz, eta % 95ek baino gehiagok daki espainieraz.
Euskal Herriko gobernu autonomoa bere hizkuntza politika gogortzen ari da. Hainbeste, non langile publiko guztiek (direla posta-sailkatzaileak, direla suhiltzaileak…) euskara ikasi behar baitute, lanpostua lortzeko. Edo lanpostua gordetzeko. Kaletik kentzen dituzte ertzainak, beren euskara hobetzeko. Euskal Gobernuarekin negozioak egiten dituzten konpainia guztiek euskaraz aritu behar dute. Hurrengo urtetik aurrera, eskola publikoan hasten diren ikasle guztiei euskaraz bakarrik irakatsiko zaie.
Nahiz eta medikuak falta Euskal Herrian, Osakidetzak euskaraz jakin beharra eskatzen die osasun langileei. Osakidetzaren arauek garbi zehazten dute nola erabili behar den euskara edozein egoera medikotan, dela pazienteen kontsultetan, dela telefono mezu bat uztean, dela bozgorailuetatik dei bat egitean (aurrena euskaraz, eta gero espainieraz). Beste arau batek ospitaleetako kartel, idazki eta abarretako euskararen letra mota eta kokapena zehazten ditu (euskarazkoa beti goian edo ezkerrean, eta letra lodiz).
Euskal politikaren helburu ofiziala hauxe da: egun koofiziala den euskara laster espainieraren maila berean egotea. <<Beharrezkoa da hori —diote euskaltzaleek—, urte askotako hizkuntza-zapalketa konpentsatzeko>>. Euskara debekatuta egon zen Francisco Francoren 36 urteko diktaduran, eta 1980ko hamarkadan hasi zen berragertzen.
<<Egiazko gizarte elebiduna edukitzeko, diskriminazio positiboa behar da>>, dio Mertxe Mujikak, Esquivias andreak ikasten duen euskaltegiko buruak. Euskaldun asko diskriminatuta sentitzen dira oraindik, espainieraren indarragatik.
Euskal abertzaleak euskararen erabilera orokortzeko ahaleginetan ari dira, baina errealitate deseroso batekin egiten dute topo behin eta berriro.
<<Euskara ez da erabiltzen eguneroko bizitzan>>, dio Lepoldo Barredak, zentro-eskuineko Alderdi Popularraren Eusko Legebiltzarreko buruak. Milaka urtetan iraun duen arren (espainiera sortu baino lehenagoko hitz idatziak daude), kizkuntza zaharkitua da, eta egungo bizitzarako desegokia. Euskarak ez du ahaide ezagunik, baina teoria ugarik beste hizkuntza batzuekin lotzen dute: berberearekin, eskimalen hizkuntzekin...
Aireportu, zientzia, Errenazimentu, demokrazia, gobernu eta independentzia, adibidez, berriki sortutako hitzak dira, ez dira euskal jatorrikoak.
Aldiz, badira hamar hitz artzain esateko, zaintzen den animaliaren arabera. Horrela, astazainak astoak zaintzen ditu, urdezainak urdeak, behizainak behiak, etab. Hizkuntza indoeuroparrek antzeko erroak dituzte zenbakien moduko oinarrizko hitzentzat: three, drei, tres, trois… Euskarazko zenbakiek, ordea, ez dute haien tankerarik: bat, bi, hiru, lau… eta hamar. Euskal sinestunek “Jainkoa” gurtzen dute.
Euskal Gobernuak ahalegin handiak egin ditu urte askoan, eta bilioika euro erabili, agiri ofizial guztiak (direla osasun langileentzako lan-eskaerak, direla Europar Batasunaren nekazari-dirulaguntzak) euskaratzeko. Baina aurten, euskal abertzaletasunaren sorlekua eta lurraldeko bigarren hiria den Donostian, <<inork ere ez du aukeratu euskaraz egitea gidatzeko baimenaren azterketa>>, Barreda jaunak dioenez.
Euskal Telebistak haurren saio kutunenak ematen ditu: Pippi Galtzaluze hezikaitza... Baina kanalak ikusleriaren % 4,4 dauka Euskal Herrian, Taylor Nelson Sofres-en datuen arabera, hau da, animalien dokumentalak ematen dituen kanalak baino gutxiago.
Euskal Herriaren independentziaren aldeko sutsuenetako batzuek ere estropezu egiten dute euskal gramatika katramilatsuan. Juan Jose Ibarretxek berak, Euskal Gobernuaren lehendakariak, jariotasunik gabe erabiltzen du prentsaurrekoetan. Lurraldeko jende gehiena bezala, Ibarretxe ere espainieraz hazi zen, eta heldutan ekin zion euskara ikasteari.
Hizkuntza-politika berriari aurre egin behar dioten beste heldu batzuek ere sekulako lanak dituzte euskara ikasteko. <<Iruditzen zait guardia zaharreko azkenekoak garela, baina ez daukagu beste aukerarik>>, dio Ignacio Garciak. Garcia matematika irakaslea da, eta Esquivias andrearen ikaskidea. Estu eta larri ari da apunteak berrikusten, bere lehenengo euskara-azterketaren aurretik.
Hizkuntza-politikak berrezte-programa zabala ezarri zuen, izan ere milaka euskal herritar heldu itzuli behar izan dira eskolara atzera. Haien kinka larria parodia bihurtu da euskal telesaio barregarri batean. Sketch batean, euskaltegi batera bidali dituzten pertsona heldu batzuek eskola-umeei eskatzen diete laguntza, eskolako lanak egiteko.
Joseba Arregi kultura sailburu ohia da, eta euskaldunzaharra. Garai batean, hizkuntza-politika diseinatu zuen. Pentsatzen du gehiegikeriak ari direla egiten euskararekin. <<Ez da egokia eguneroko elkarrizketetarako>>, dio berak. <<Hizkuntza bat indarrez inposatzen denean, gutxiago erabiltzen da, eta hortik inposiziozko eta erantzun gogorrezko zirkulu gaizto bat sortzen da>>.
Hezkuntzan ere, curriculuma kontrolatu dute separatistek, euskara erabilita. Adibidez, eskoletako euskarazko ikasliburuek sekula ez diete esaten ikasleei Euskal Herria Espainiaren zati dela. Oinarrizko hezkuntzako testuliburuek aipatu ere ez dute egiten Espainia hitza.
Ikasleei Euskal Herrian bizi direla irakasten diete, horrek Espaniaren zati bat eta Frantziaren hegoaldeko beste bat hartzen dituela, eta Espaniar Estatuak kolonizatu egin zuela Euskal Herria.
Bertako politikari batzuk kezkaturik daude. Euskararen aldeko jarrera gogor hori ikusita, iruditzen zaie guztiz ezinezkoa dela separatistak eta Espainia adiskidetzea. <<Euskal gazteek gero bizitzan aurkitzen duten guztia —Espainian bizi direla, esaterako— Madriletiko inposiziotzat hartzen dute>>, dio Santiago Abascalek, Alderdi Popularreko euskal parlamentari eta hizkuntza-politikaren aurkariak. <<Horrek amorrua sortzen du, eta indarkeria bizirik atxikitzen, Euskal Herrian>>.
Ikasgelan, ordea, gramatika zailak, azterketek eta Euskal Telebistan saio onik ez aurkitzeak sortzen dute amorru gehien.
Arantza Goikolea Esquivias andrearen irakaslea da. Eguneroko ekintzei buruzko ariketa bat jarri die ikasleei. Tamara Allende (25 urte) denbora luzea egoten da telebista ikusten gauean, berak euskara gaiztoz aitortzen duenez.
<<Euskal saioak?>>, galdetzen dio Goikolea andreak. Tamara gazteak burua makurtu du, eta gorri-gorri jarri da. <<Ez, espainiarrak>>, dio ahapeka, eta gaitsezpen oihuak entzuten ditu irakaslearengandik eta ikaskideengandik.
A project by the Basque Studies Society
Aupatu
Zabaldu
del.icio.us
Digg
Google
Technorati
Yahoo