EuskoSare > Profession and businesses > Eusko Ikaskuntzak eta “la Caixa” Gizarte Ekintzak gazteen arteko gatazkak konpontzeko eta bizikidetza suspertzeko proiektua bultzatu dute
Leire Gaceo
Vitoria-Gasteiz, Euskal Herria.
2008-03-28 11:34
Last modified: 2008-03-31 13:32
Translated by: Leire Gaceo Melgosa

Eusko Ikaskuntzak eta “la Caixa” Gizarte Ekintzak gazteen arteko gatazkak konpontzeko eta bizikidetza suspertzeko proiektua bultzatu dute

Gazte-sarea osatzeko helburuz, aniztasuna eta bizikidetza suspertzeko nahiz arazo komunak konpontzeko asmoz Eusko Ikaskuntzak eta “la Caixa” Gizarte Ekintzak elkarlanean arituko dira "Elkarrekin Hobetuz - Mejor en Común" proiektuaren bitartez.

Eusko Ikaskuntzak eta “La Caixa” erakundeko Gizarte Ekintzak “Elkarrekin Hobetuz” programa aurkeztu dute gaur goizean, martxoak 28. Proiektuak gazte-sarea osatzea du helburu, aniztasuna eta bizikidetza suspertzeko nahiz arazo komunak konpontzeko. 

Prentsaurrekoan honako hauek izan dira: Javier Retegi, Eusko Ikaskuntzako presidentea; Ana Guzmán, "la Caixa" erakundearen Euskadiko ordezkari nagusia eta José Ignacio García Ramos, EuskoSareko Zuzendaritza Batzordeko burua. Horiek guztiek mintzagai dugun ekimenari buruzko informazio zehatza eman dute. "Elkarrekin Hobetuz" ekimena medio, hainbat eremu geografikotako gazteek beraien arteko aldeak ezagutuko dituzte, horrela, gainerakoak gertukoago sentitzeko. Gazteek, bide batez, elkarlanean aritzearen abantailak ikusiko dituzte.

Programa barruan, beraz, partaide-sare zabala osatuko da. Hautagaiek bi ezaugarri nagusi izan behar dituzte: aniztasuna onartzea eta aniztasunarekiko begirunea, batetik, eta gatazka komunak konpontzearen aldeko jarrera, bestetik.  

Lehendabiziko urtean, mintzagai dugun sarea osatuko da. Hona hemen eratze-prozesua: proiektuaren koordinatzaile nagusia kontratatu eta proiektuan parte hartuko duen gazte taldea osatu –taldea hainbat eremu geografikotako gazteez osatuta egongo da–; bizikidetza-programen bidez, parte hartzaileek elkarren ideiak eta interesak ezagutuko dituzte; aipatutako guztia komunean jarriko dute, eta guztiek xede bera lortze aldera elkarlanean jardungo dute.

Eusko ikaskuntzak, egun existitzen den euskosare.org atariaz baliatuta, sarea osatzen duten gazteak harremanetan jarriko ditu. Bestetik, sarea osatzen duten lagunen arteko loturak aztertuko dira. Horrela, “Elkarrekin Hobetuz—Mejor en Común” proiektua Interneten dagoenez, txoko eta bazter guztietako gazteek har dezakete parte egitasmoan.

Gazteek euren arteko aldeak ezagutuz gainerakoak gertukoago sentitzea du helburu programak. Horretarako, euren arteko desberdintasunak baino, berdintasunak azpimarratuko dira.

Sare hori sortzearekin batera eta martxan jartzeko nahikoa baldintza egon bezain laster, denbora-banku bat sortuko da. Banku mota horrek ez du dirua mailegatzen, denbora baizik. Ekimen horren bidez, bi gaztek edo gehiagok euren denbora elkar trukatu ahal izango dute. Horrela, lagun bakoitzak asetzeke dituen nahiz ase ditzakeen beharrak denborazko unitateetan neurtuko dira. 

Aurten, 2008an, “la Caixa” finantza-erakundeak 500 milioi euro eskainiko ditu guztira Gizarte Ekintzako gaietarako, 2007an baino %25 gehiago (hots, 100 milioi euro gehiago). “la Caixa” da Gizarte Ekintzarako aurrekonturik handiena duen Espainiako fundazio pribatua, Europako bigarrena eta munduko bosgarrena.


Rate:
http://www.euskosare.org/enpresak/caixa_eusko_ikaskuntza_hitzarmena_elkarrekin_hobetuz/eks_newsitem_view