Document Actions

Bigarren sektorea

Euskal Herriko jarduera industrialari buruzko informazioa.
Industria-gunerik garrantzitsuenak Bizkaiko Bilbo Handian, Gipuzkoako ibaietako arroetan eta Arabako eta Nafarroako hiriburu-inguruetan daude. Ipar Euskal Herrian, berriz, jarduera industriala Lapurdiko kostaldean dago batez ere, Euskal Autonomia Erkidegokoa eta Nafarroako Foru Erkidegokoa baino askoz ere txikiagoa bada ere. XX. mendearen bigarren zatian aldaketa handiak gertatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko jarduera industrialean. 1970eko hamarkadara arte, espainiar ekonomia osoak autarkia zuen ezaugarri. Ekonomia barne-merkatuan oinarritzen zen eta aduana-hesi zorrotz-zorrotzak zeuden.

1975ean petrolio-krisia sortu zenean, merkatuen beheraldiarekin batera inbertsio-ahulezia etorri zen, eta horrek kanpora atera beharra ekarri zuen. 1986an Espainia Europako Erkidegoan sartzean, merkatu berriak ireki eta pixkanaka aduana-hesiak kenduz joan ziren.

1980ko hamarkadako industria-birmoldaketak eragin itzela izan zuen, bereziki siderurgian eta ontzioletan. Ondorioz, langabezia-tasa biztanleria aktiboaren %26 izatera ere iritsi zen. Birmoldaketak dibertsifikazio industriala, enpresa teknologikoki aurreratuen sorrera eta enpresak kudeatzeko era berriak ekarri zituen. Eusko Jaurlaritzak eta Nafar Gobernuak kalitatearen aldeko apustu garbia egin zuten –horra hor Euskalit eta Kalitaterako Nafar Fundazioa, hurrenez hurren-, baita ekoizpen doituaren eta teknologia-parkeen aldekoa ere.

Euskal Autonomia Erkidegoan hiru teknologia-parke daude; 1997az geroztik Europako sarerik sendoenetakoa osatzen dute, eta hazkunde-potentzial handikoak dira. Teknologia-parkeak izan dira euskal I+G jardueraren bultzatzaile nagusiak, eta esparru horretan Europar Batasunarekin bateratzeko bidean jarri dute Euskadi.

Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, elkarte pribatua da, irabazi-asmorik gabea, Euskadin eremu guztietan berrikuntza, espiritu ekintzailea eta sormena koordinatu eta bultzatzeko sortua.

CETENA Fundazioaren Nafarroako Berrikuntza eta Teknologia Zentro Multidiziplinarra, CEMITEC, teknologia-zentroa da. Zentro horren xedea da enpresen lehiakortasuna handitzea; horretarako, I+G proiektuak, teknologia-zerbitzuak eta berrikuntza sustatzeko jarduerak garatzen ditu.

Barne Produktu Gordina kontuan hartuz gero, ikerkuntzaren bilakaeraren erritmoa bizkorragoa izan da Espainian baino. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan %1,5era iritsi da eta Nafarroako Foru Erkidegoan %1,4ra; Espainiako batez bestekoa, berriz, %0,95 da.

Euskal Autonomia Erkidegoko industria-egituran, adar garrantzitsuenak hauexek dira: makineria astuna, makina-erreminta, ekipamendu-ondasunak, ibilgailuetako osagaiak, aeronautika, elektronika-telekomunikazioak eta altzairua. Nafarroan, berriz, aipagarriak dira garraio-materiala, makineria, etxetresna elektrikoak, nekazaritzako elikagaien industria, papera eta arte grafikoak, kimika, kautxua eta plastikoa, eta energia.


Informazio gehiago nahi izanez gero:

Euskal Autonomia Erkidegoa

Nafarroako Foru Erkidegoa

Ipar Euskal Herria


http://www.euskosare.org/euskal_herria/aurkezpena_eh/ekonomia/bigarren_sektorea/eks_structuredocument_view