Document Actions

Lehen sektorea

Euskal Herriko nekazaritzari, abeltzaintzari eta arrantzari buruzko informazioa.

Nekazaritza eta abeltzaintza

Nekazaritzak eta abeltzaintzak Nafarroa Behereko eta Zuberoako egitura ekonomikoan dute garrantzirik handiena.

Nekazaritzaren ezaugarriei dagokienez, isurialde atlantikoa eta mediterranearra bereizten dituen banalerrotik iparraldera jo edo hegoaldera jo, alde handia dago nekazaritzan.

Iparraldeko isurialdean, hots, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroako iparraldean eta Ipar Euskal Herriko probintzietan, joera handiagoa dago abeltzaintzarako nekazaritzarako baino. Ustiategien tamaina ere txikiagoa da hegoaldeko isurialdean baino; eta nagusiki esne eta okelatarako behi eta ardien hazkuntzarako erabiltzen dira.

Inguru horietan larre eta bazkaleku ugari dago, bai eta bazka-laborantzarako lursailak ere, ganaduarentzako jana ziurtatzeko. Bertako ezaugarri orografikoak direla-eta, mekanizazio-maila hegoaldeko isurialdean baino txikiagoa da.

Hegoaldeko isurialdean, hau da, Araban eta Nafarroaren erdialdean eta hegoaldean, nekazaritzak garrantzi handiagoa du abeltzaintzak baino. Zereal-, baratze- eta ardo-laborantza dira nagusi hedadura handiko sailetan. Aziendari dagokionez, inguru horietan hegaztien (Araba) eta txerrien (Nafarroako Foru Erkidegoa) hazkuntza nabarmentzen dira.

Arrantza

Euskal Herrian jarduera hau azpisektore hauetan banatzen da: baxurakoa, alturako arrantza freskoa, bakailao-arrantza, atunontzi izoztaileak eta arraste-ontzi izoztaileak. Euskal Autonomia Erkidegoan aipatutako azpisektoreotan ziharduen ontzi-kopuruak beherakada nabarmena izan zuen 1990 eta 2003 bitartean; soilik atunontzi izoztaileek eutsi diote ontzi-kopuruari.

Azpisektore guztiak kontuan hartuz gero, baxurako arrantzan izan da beherakadarik handiena; hala ere, 2003an ontzien %76 baxurakoa zen eta arrantzaleen %57 baxurako arrantzan ziharduen. Dena den, atunontzi izoztaileak dira produktibitate-indizerik altuena dutenak.

Alturako arrantza-porturik inportanteenak Ondarroa (Bizkaia) eta Pasaia (Gipuzkoa) dira.

Baxurako arrantzan, berriz, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko portu guztietan aritzen dira. Jarduera horri dagokionez, aipagarriak dira Bermeo eta Ondarroa (Bizkaia), Getaria eta Hondarribia (Gipuzkoa), eta Donibane Lohitzune / Ziburu eta Hendaiako (Lapurdi) portuak.

XXI. mendeko lehen urte hauetan, industria honek arrain-eskasiaren eta espezie-eskasiaren arazoari egin behar dio aurre, eskasia hori eta dagoen eskaera ez baitira proportzionalak. Hori dela-eta, ontziek beste leku batzuetara jo behar izaten dute, eta horrek agintari eskudunek sinaturiko akordioen menpe egon behar izatea dakar. Ondorioz, lizentzia- eta harrapaketa-muga zorrotzak onartu behar dira, eta piszikulturara jo beharra dago merkatuaren eskaerari erantzun ahal izateko.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoa da Arrantza Ikerkuntza transferitu zaion estatuko Autonomia Erkidego bakarra. Hala, konpetentzia horri esker, lan handia eta etengabea egiten ari dira, (AZTI) bai arrantza-toki nagusiak ebaluatuz eta kudeaketa-ereduak garatuz, bai nazioarteko arrantza-erakundeetako lan-talde ugarietan parte hartuz: International Council for the Exploration of the Sea (ICES), International Commision for the Conservation of Atlantic Tunas (ICCAT), Indian Ocean Tuna Commision (IOTC) eta Northwet Atlantic Fisheries Organization (NAFO).


http://www.euskosare.org/euskal_herria/aurkezpena_eh/ekonomia/lehen_sektorea/eks_structuredocument_view