Document Actions

Espainiako gerra zibila

1936tik 1939ra arte luzatu zen.
Hain dira inportanteak Euskadiren (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) berezitasunak II. Errepublikan (1931-1936), ezen tankera berriko euskal alderdi-sistema batez hitz egiteko moduan baikaude. Sistema hori lau haustura-ildok ezaugarritzen zuten, eskuineko, zentroko eta ezkerreko indarrak zatitzen zituztenak: gobernu-era (Monarkia edo Errepublika), nazioa/erregioa auzia (zentralismoa edo autonomiak), erlijio-arazoa (klerikalismoa versus antiklerikalismoa) eta auzi soziala (erreakzioa, erreforma edo iraultza).

1936ko otsaileko hauteskunde orokorretara Eskuindar Blokea, Fronte Popularra eta Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV) aurkeztu ziren, eta denek izan zituzten antzeko emaitzak. Azkenean Fronte Popularrak irabazi zuen. Erreforma-garai berri baten atarian izaki, gizartea –hala ezkertiarrak nola eskuindarrak–, mobilizatu egin zen.

Hilabete batzuk lehenago nabaritzen hasitako konspirazio militarren lehen zantzuak gorpuztu egin ziren 1936ko udaberriaz geroztik. Estamentu militarrak antolatu zuen –Iruñean Mola jeneralak gidatu zuen–, eta karlistek bultzatu egin zuten. Biek bat egin zuten uztailaren erdi aldera eta 1936ko uztailaren 19an martxan jarri ziren Iruñean bertan. Guardia Zibileko komandante baten hilketaren ondoren, Molak gerra-egoera aldarrikatu zuen Nafarroako hiriburuan. Konplotean parte hartu zuen goarnizioak ere beste hainbeste egin zuen Gasteizen, baina ez zen halakorik gertatu ez Bilbon ez Donostian.

EAJk Errepublikako gobernu legitimoaren alde egin zuen; bien bitartean, egun gutxiren buruan milaka nafar boluntario, bai tradizionalistak bai falangistak, iparraldeko fronterantz eta Madrilerantz joan ziren, armadaren aginduei jarraiki. Herrialdea bitan banatuta geratu zen berehala: kostaldeko probintziak bateko eta matxinoen esku zeuden barrualdekoak besteko.

1936ko urrian Largo Caballeroren gobernu errepublikanoak Euskal Estatutua onartu zuen. Eusko Jaurlaritza antolatu zen, Jose Antonio Agirre lehendakaria buru, eta baita Eusko Gudarostea ere, matxinoek zeuzkatenak baino arma gutxiago eta txarragoekin; eta hori gutxi balitz, Europako demokraziek uko egin zioten euskal batailoiak armaz hornitzeari. Tropa kolpistek aireko indarra erabili zuten, gerra-estrategia berrietarako eta zibilak izu-ikaratzeko erabili ere; horra hor, Durangoko eta Gernikako bonbardaketa masiboak.

1937ko ekainaren bukaera-inguruan, matxinoek erabat menperatu zituzten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa, eta zenbait euskal batailoi, EAJren aginduei jarraiki, errenditu egin ziren italiarren aurrean Santoñan. Beste batzuek borrokan jarraitu zuten iparraldeko frontean eta gero Kataluniakoan, harik eta 1939ko apirilean gerra amaitu zen arte.


http://www.euskosare.org/euskal_herria/aurkezpena_eh/historia/historia_garaikidea/espainiako_gerra_zibila/eks_structuredocument_view