Document Actions

Espainiako trantsizioa

Euskal Herriko politika-mundu konplexuak –alderdi ugari eta mugimendu sozial sendoa– bere eragina izan zuen, eta Espainiako gobernuko presidente Adolfo Suárezen erreformismoari aurre egin zion, Suárez bera baitzen Espainiako trantsizio politikoaren diseinuaren arduraduna.
Eusko Legebiltzarkideen Biltzarrak osatu ziren lehenik, eta Eusko Kontseilu Nagusia (1978) gero; horrek guztiak prozesu autonomikoaren hasiera iragartzen zuen. Hala ere, prozesu horrek talka egin zuen Koordinadora Abertzale Sozialistaren inguruan zebilen hausturaren aldeko nazionalismoarekin.

Biltzar barruan sozialisten eta nazionalisten artean zeuden desadostasunak batetik, eta Nafarroako UCD alderdiak horretarako egindako ahalegina bestetik, azkenean Nafarroa erregimen aurreautonomikotik bereizi zen.

1978an erreferendum bidez bozkatu zen Espainiako Konstituzioa. Espainian onartu egin zen konstituzioa; Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, berriz, talde independentistek eta autonomistek errefusatu egin zuten.

1979ko urriaren 25eko erreferendumean, erroldatutako botoen %57,77k baietza eman zion Gernikako Estatutuari, eta abstentzio politikoa eta teknikoa %41,14koa izan zen. Onartutako testuan, hezkuntza-, kultura-, ekonomia-, administrazio- eta polizia-eskumenak biltzen ziren, geroxeago euskal eta espainiar gobernuaren arteko eztabaidagai bihurtu zirenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko 1979ko lehen hauteskunde autonomikoak EAJk irabazi zituen Herri Batasunaren eta PSOEren aurretik, eta Karlos Garaikoetxea izan zen gobernuko lehendakaria.

1979an Foru Parlamentua –Espainiako lehen ganbara autonomikoa– eta Foru Diputazioa aukeratu ziren, sufragio unibertsal bidez. Hurrengo urtean, Nafarroako esparru juridikoa eta erakundeak berritu nahian, itun baten negoziazio-prozesuari ekin zioten. Prozesuaren emaitza 1982eko Nafarroako Forua Birrezarri eta Hobeagotzeko Lege Organikoa izan zen. Esan dezakegu horixe dela gaur egungo Nafarroako Zuzenbide Publikoaren funtsezko esparrua.

1982an Nafarroako foru hobekuntzarako legea onartu zen, eta bertan autonomian sartzeko bide berezi bat zehatu zen. Kasu horretan ez zen erreferendumik egin.

Hegoaldea bi administraziotan banatu eta bakoitzaren barruan erakundeak osatu eta gero, alderdi politikoek hainbat arazori egin behar izan zioten aurre: erakundeak sendotzea, langabezia, gatazka politikoaren konponbide baketsua, hizkuntza normalizatzea, e. a.

Atentatuak puntu gorenera heldu ziren denboraldi bat igaro ondoren (1979-1981) –hala ETAk nola garai hartan sortutako GAL izeneko erakundeak eginak–, gehiengozko ordezkaritza zeukaten alderdi politikoek akordio bat sinatu zuten 1988an, Ajuria Eneko Ituna izenekoa.

Ipar Euskal Herria askoz ere lehenago sartu zen Europako Ekonomia Erkidegoan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa baino. Izan ere, Frantzia izan zen 1957ko martxoaren 25ean Erromako Ituna sinatu zuen herrialdeetako bat, eta Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak ez zuten sarbiderik izan 1986an Espainia sartu zen arte.

Europar Batasuneko kide izateak pertsonen eta kapitalen zirkulazio librea, diru bakarra eta Europa mailako politikak baldintzaturiko Estatu-politikak ekarri ditu. 2005. urtean, Batasuna osatzen duten herrialdeak Europako Konstituzioa eztabaidatu eta onartzeko prozesuan murgilduta daude.



http://www.euskosare.org/euskal_herria/aurkezpena_eh/historia/historia_garaikidea/espainiako_trantsizioa/eks_structuredocument_view