Document Actions

Lehen mundu-gerra Ipar Euskal Herrian

Intsumisioa lehenik eta desertzioa gero, batik bat Baionako barrutian: horiek izan ziren I. Gerraren hasieratik agintarien etengabeko buruhausteak, eta jende artean berbalekua ipini zutenak.
Badago intsumisioaren eta desertzioaren aurkako borrokaren gaineko gertakari bat, garrantzi txikikoa eta are anekdotikoa ere lirudikeena, baldin eta balio sinbolikoa edukiko ez balu: Arnegiko pasabideak kendu zituztenekoa. Arnegi eta bestaldeko “benten” artean baziren zortzi pasabide, horietatik lau publikoak eta beste laurak pribatuak.

1916ko azaroan, Prefetak pasabide pribatu guztiak suntsitzeko agindu zuen. Bere asmoa zen zorrotz zelatatutako pasagune publiko bat besterik ez uztea. Arnegiko udalak gogor egin zuen protesta pribilegio zaharrak eta eskuratutako eskubideak aipatuz eta neurriak ezertarako ez zuela balio azpìmarratuz. Nolanahi ere, agintariek arreta handiagoz zaindu zuten muga.

Muga itxi, baina gutunak ireki. 1916an posta-zaintzako batzordeak eratu ziren, iritzi-egoera zelatatzeko. Mauleko Subprefekturakoei agindu zieten desertoreen familien posta zuzenki zelatatzeko, gutunak euskaraz idatzita zeudelako beti; hori zela eta, jatorrizko lekuan bertan kontrolatu behar ziren.

http://www.euskosare.org/euskal_herria/aurkezpena_eh/historia/historia_garaikidea/lehen_mundu_gerra_ipar_euskal_herrian/eks_structuredocument_view