|
Leire Gaceo Vitoria-Gasteiz, Euskal Herria. 2008-02-29 15:08 Last modified: 2008-03-04 13:04 Translated by: Leire Gaceo Melgosa |
|
|
Andresare jaio da
Pasa den otsailaren 26an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Donostiako Koldo Mitxelena Liburutegian aurkeztu zen Eusko Ikaskuntzaren azkenengo proiektua. Urtebete baino gehiago lanean daraman proiektua.
Euskal emakumeen eta, batik bat, feminismoaren eta generoaren alorrean Euskal Herrian edo Euskal Herriari buruz egiten diren azterlanen egoeraren berri eman nahi du Andresarek.
Bi lan-ildo nagusi horiek eta Andresareren edukiak atal batzuen inguruan egituratuko dira:
- Batetik, euskal gizarteko hainbat esparrutan, isilean edo ez, lanean ibili izan diren emakumeen lana aitortu gura du Andresarek; ez dute zertan akademiari, sormenari edo ezagutzari lotuta egon. Eguneroko zereginaren bidez euskal gizartea hobetzen ahalegindu diren emakumeak dira. Biografiak izeneko atalaren bidez haien bizitza eta oroitzapena berreskuratzea da helburua.
- Bestetik, hainbat sorkuntza- eta ikerketa-alorretatik euskal emakumeek ekoitzitako ezagutza ezagutarazi eta goraipatuko du Andresarek, berdin dio zer lan-diziplinatakoak diren. Horrela, bada, Nor da nor atalean, ezagutzaren ekoizpenean inplikatutako emakume mota guztiak izango dira protagonista, eta, bereziki, ikerketa- eta sormen-lana emakumeen, feminismoaren eta generoaren inguruko azterlanetara bideratzen dituzten emakumeak (gizonezkoak ere bai). Atal horrek Proiektua izeneko saila, Andresareren benetako apustua, osatzea du xede.
Andresare ekimenaren kimu den Proiektua atalean, Euskal Herriko emakumeen, feminismoen eta genero-azterlanen gaineko ekoizpen zientifikoari buruzko datu-basea jaso da batetik, eta ahal den heinean erabiltzeko materialak eta azterlanak (artikuluak, ikus-entzunezkoak, liburuak…) biltegiratuko dituen dokumentu-funtsa bestetik.
- Bukatzeko, gaur egungo egoerari lotutako sekzioak batzen dituen informazio-gunea aipatu beharra dago. Alde batetik, Albisteak eta Agenda jasoko dituen atala izango du webak; berriki izan diren edo hurrengo egunetan izango diren gertakari, ekitaldi nahiz jarduerez informatuko du. Arreta berezia eskainiko zaie gertakizun zientifiko eta akademikoei, baina webaren gai nagusiarekin zerikusia duten bestelako jarduera guztiak ere jasoko dira.
Bestalde, egungo interes-gaiei buruzko Iritziari zuzendutako atal bat ere izango du Andresarek. Kasu batzuetan, ukitzen dituzten alorrei buruzko iritzia eskatuko zaie emakumeei. Baina gizonezkoei ere emango zaie hitza, emakumeengan edo haiekiko dituzten harremanetan eragiten duten egoera nahiz inguruabarrez hausnartu dezaten.
Egungo gaiei eskainitako atal horretan, Aipamenak izeneko sekzioa ere txertatuko da. Euskal emakumeak protagonista dituzten edo feminismoaren nahiz genero-azterlanen inguruko ikerketak eta produkzioak garatzen dituzten argitalpenak ezagutarazi eta azpimarratzea da asmoa.
Horiexek dira, laburbilduz, Andresareren funtsezko edukiak. Atal guztiak ez dira berdin berriztatuko. PROIEKTUAri zuzendutako saila, adibidez, motelago berritu eta osatuko da. Biografiak, Nor da nor, Albisteak eta Agenda, Iritzia eta Aipamenak atalak, berriz, astean behin berritzeko asmoa dago. Horrela, bada, Andresareren lehen orriaren itxura zazpi egunean behin aldatu nahi da. Erronka horrek, berez asmorik izan gabe ere, kazetaritzaren generora hurbiltzen du.
Alabaina, hedatzeaz, informatzeaz eta prestatzeaz gain, beste xede bat ere badu Andresarek: azterketari eta hausnarketari zuzendutako esparru bat dinamizatzea. Euskal Herrian, hazten eta finkatzen ari da 1980ko hamarkadaren erdi aldetik, eta, jakinekoa denez, tradizio handia du herrialde anglosaxoietan, Europako beste herrialde batzuetan eta Latinoamerika ia osoan. Ekimen aitzindaria izan daiteke, batez ere formetan eta teknologia berrien aplikazioan. Dena den, hainbat mende aurretik hasitako azterketa- eta pentsamendu-genealogia zabalaren partaidetzat du Andresarekbere burua. Horregatik, abian diren eta arrakastaz diharduten ekimen eta proiektuei erremintak eta bitartekoak eskaintzeko intentzioa du.
Teresa del Vallek Andresareren aurkezpena egiten
Aurkezpen Instituzionala
Web gunearen aurkezpena
Mahai-ingurua
A project by the Basque Studies Society
Aupatu
Zabaldu
del.icio.us
Digg
Google
Technorati
Yahoo