EuskoSare > Euskal Herria > Kontzertu-omenaldia Bilbon Juan Crisostomo de Arriagaren omenez
Nerea Pikabea
Saint Sébastien, Euskal Herria.
2006-03-20 13:18
Traduit par: Nerea Pikabea
Actions sur le document
Juan Crisostomo de Arriagaren berrehungarren urteurrenaren oroitzapen ekitaldien kartela.

Kontzertu-omenaldia Bilbon Juan Crisostomo de Arriagaren omenez

Juan Crisostomo de Arriaga konpositore bilbotarra izan zenari kontzertu-omenaldia egingo zaio gaur, martxoak 17, Bizkaiko hiriburuan, aurten bera jaio zela 200 urte betetzen direla eta. Eusko Ikaskuntzaren Bizkaia Forum programaren ekimenaren barnean sartzen da kontzertu hori.

Juan Crisostomo de Arriaga konpositore bilbotarra izan zenari kontzertu-omenaldia egingo zaio gaur, martxoak 17, Bilboko (Bizkaia) Bidebarrieta Aretoan, aurten bere jaiotzaren berrehungarren urteurrena betetzen denean; Azert Quartet ganbera-laukoteak musika joko du.

Eusko Ikaskuntzako Bizkaiko Lehendakariordeak sustatutako Bizkaia Forum programaren lehenengo ekimena da kontzertu hori; kultura bizkaitarra dinamizatzea da programa horren helburua.

Urtarrilaren 27an berrehun urte bete ziren Bilboko Alde Zaharreko Somera kalean Juan Crisostomo jaio zela; konpositore ospetsua izan zen, nazioartean miretsia. Harmonia eta kontrapuntua ikasi zituen Parisen École Royal de Musique et Declamationen. Urtebete geroxeago, François Joseph Fetis bere irakaslearen kontrapuntu eta fuga klaseko repetieur irakasle izatera iritsi zen. Hamahiru urterekin idatzi zuen Arriagak euskal opera ezagunena, "Los esclavos felices"; opera horretatik obertura geratzen da osotasunean eta oberturak bakarrik du egiazkotasun bermea; egilearen musika-konposizio ezagunena izatera iritsi da ( Arriagaren obra guztia ikusi). Juan Crisostomo gazterik hil zen, hogei urte betetzeko egun gutxi batzuk falta zirenean ( Arriagaren biografia irakurri).

Bilboko leku eta eraikin askok Arriaga izena daramate, Alde Zaharrean kokatuta dagoen Bilboko Arriaga Antzokiak esate baterako.

Berrehungarren urteurrena zela eta, plaka bat ezarri zen bera jaio zela 200 urte bete zirenean bere jaiotetxeko atarian, Bilboko Somera kaleko 12. zenbakian. Horrela, Bilbo hiria bere musikariaren berrehungarren urteurrenaren oroitzapenezko ekitaldiekin hasi da, eta urte osoan zehar egingo dira ekitaldi horiek.

Oroitzapenezko ekitaldiak 2006ko urtean zehar egingo dira

Bizkaiko hiriburu den Bilbo hiriak musikariaren talentua edo gaitasuna goraipatuko ditu urte honetan zehar. Arriagari aipamena eginez Iñaki Azkuna Bilboko alkateak adierazi duenez "batzutan bizitza zikoitza da mundutik igarotzean arrastoa uzten dutenekin eta bekaiztia ere bada, heriotzera eraman arteraino".

Alkate bilbotarraren arabera "bere jaiotzaren 200. urteurrena ospa dezakegu, bere lanak bilduz, bere musika ezagutzera emanez, bilbotar handi baten gisan ohore eginez, eta bere bidea jarraitu zutenentzat ere balio dezala bere omenaldiak".

Ekitaldi horiek Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta SECC (Sociedad Estatal de Conmemoraciones Culturales) erakunderen babes ekonomikoa jaso dute BBKren babesa jasotzearekin batera. Horrez gainera, hauetxek dira laguntzaileak: Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, OLBE (Opera Lagunen Bilboko Elkartea), la Sociedad Filarmónica de Bilbao, Bilboko Koral Elkartea, Musika Kontserbatorioa eta Eresbil-Musikaren Euskal Artxiboa.

Informazio gehiago:
2006rako aurreikusitako oroitzapenezko ekitaldien egitaraua ikusi.
Juan Crisostomo de Arriagaren web gunea ikusi.
El Correo egunkariak Arriagari eskainitako atal berezia ikusi.


Qualifier :
http://www.euskosare.org/euskal_herria/kontzertu_omenaldia_bilbon_juan_crisostomo_de_arriagaren_omenez/eks_newsitem_view