EuskoSare > Euskal Herria > San Ferminak
Maialen Zubiaguirre
Vitoria-Gasteiz, Euskal Herria.
2008-07-05 17:49
  • Euskara
  • Castellano
  • Français
  • English
Txupinazoa openesf.net

San Ferminak

Iruña zuri-gorriz jazten da urtero San Ferminen ohorez - hiriak milaka bisitari jasotzen ditu mundu osoan ospetsua den jai honetan parte hartzeko.

San Ferminak Iruñeako jai ezagunenak dira eta 'entzierroak' dira ezaugarririk nabarmenena. Mundu osoko bisitariak jasotzen ditu Iruñeak 6tik 14ra arteko astean San Ferminen ohorez egiten diren jai hauetan.

Dataren aldetik aldaketa nabariak jaso ditu jaiak; 1591an urrian ospatzen ziren eta uztailera pasatzea erabaki zen eguraldia zela eta. Hori dela eta, uztailaren 6an ematen zaie hasiera Udaletxe plazatik txupinazoa jaurti eta 'Pamplonesas, Pamploneses, ¡Viva San Fermin!. Iruindirrak, Gora San Fermin!' esanez eta bukaera berriz, uztaileko 14an izaten da gaueko hamabietan 'pobre de mi' abestiarekin jaia hurrengo urterarte agurtuz.

Lehen aipatu dugun moduan, San Ferminek sekulako ospea dute mundu osoan zehar eta Rio de Janeiroko inhauteriak edo Municheko garagardo festarekin batera munduko jaiarik ezagunenak dira. Aipagarria da Ernest Hemingwayek San Ferminei buruz egindako zabalkundea bere 'Fiesta' (The sun also rises) liburuan. Beraz, ez da harritzekoa Iruñak urtero San Ferminetan 1.500.000 bisitari inguru jasotzea.

San Fermin
San Ferminak Fermin Amiesgoaren ohorez egiten diren jaiak dira; San Fermin izenaz ezagutzen den eta San Frantzisko Xabierrekin batera Nafarroako patroia dena. 

Entzierroak
Urtero adorez beteriko ehundaka pertsonek goizeko 8etatik hasita parte hartzen dute San Ferminetako ekitaldi nagusian, entzierroan hain zuzen ere. Arriskua nabaria da, bereziki prestakuntza edo gomendioak jarraitzen ez dituzten horientzat. Sei zezen eta zortzi kabestru daude eta egun bakoitzean abel hazkuntza ezberdin bateko zezenak. Zortzirehun metrotako lasterketa hau zezenen aurrean egitea da. Entzierroa goizeko 8etan hasten da eta 2 edo 3 minutu iraun egiten ditu. Ibilbidea Santo Domingoko aldapa, Udal plaza, Mercaderes kalea, Estafeta kalea, telefonikako tartea eta zezen plazatik igarotzen da.

Jatorria
SanFerminen jatorriak erdi arora eramaten gaitu eta hiru ospakizunekin dago erlazionatuta, San Ferminen ohorez egiten ziren ospakizun erlijiosoak, feria komertzialak eta XIV. mendetik egiten ziren zezenketak. San Ferminak merkatariak, abeltzainak eta baserritarrak biltzen zirenean egiten ziren jaiak dira jatorriz. Zezenketak, berriz, Nafarroako artzaiek lidiako zezenak plazara eramaten zituztenean sortu ziren - ez ziren oraindik zezen plazak existitzen. Denborarekin, jendea zezenen atzetik joaten zen hauek biltzeko asmoarekin eta horrela bihurtu da ohitura.

Hasieran San Ferminek bi egun besterik ez zuten irauten baina urteak pasa ahala eta ospearen poderioz, 10 egunera luzatu dira.

Beste ekintza batzuk
Nahiz eta entzierroa San Ferminetako ekintza ezagunena izan, badira beste ekintza ugari; uztailaren 7an egiten den prozesioak adibidez jende pila biltzen du. Horrez gain, egunero ikusi daitezke erraldoiak, buruhandiak eta kilikiak Iruñako kaleetan zehar. Erraldoi hauek nabarmentzekoak dira, hirian duten tradizioagatik.

Edozein jaietan bezala, musikak egundoko garrantzia du eta San Ferminetan dianek kaleak girotzen dituzte. Dianetaz gain, txarangek ere kaleak alaitasunez betetzen dituzte.

Guztiok jai hauetaz gozatzeko aukera izan dezagun, gustu ezberdinetarako aukera zabala eskeintzen dute San Ferminek .


Rate:
http://www.euskosare.org/euskal_herria/san_ferminak/eks_article_view