EuskoSare > The Basque World > Azkarraga: “Bere iragana ahaztu nahi duen herri batek ezin du iragan hori alde batera utzi”
Leire Gaceo
Vitoria-Gasteiz, Euskal Herria.
2008-01-21 12:44
Last modified: 2008-01-22 16:07
Translated by: Leire Gaceo Melgosa
Joseba Azkarraga, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua, Salvador Allende presidentearen hilobian lore-eskaintza egiten. La Recoleta hilerria. Santiago. Txile. 2008ko urtarrilaren 20a.© Eusko Jaurlaritza-Gobierno Vasco

Azkarraga: “Bere iragana ahaztu nahi duen herri batek ezin du iragan hori alde batera utzi”

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarraga, Txilen dago. Bertan, lankidetza ekonomikorako hitzarmena sinatuko du Parque por la Paz Villa Grimaldi fundazioarekin antolaturiko beste hainbat ekintzen artean.

Informazio iturria: Gobierno Vasco- Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak bere Sailaren borondatea adierazi zuen, Parque por la Paz Villa Grimaldi fundazioarekin lankidetzan jarduteko.

Pinocheten diktadurapean atxilotze, tortura eta hilketarako erabili zen etxe hartan —kalkulatzen denez, bertan 4.500 pertsona torturatu ziren, eta horietatik 226 desagertu eta 18 exekutatu ziren— Txileko Bakearen aldeko lehen Museoa kokatuko da.

Villa Grimaldira egindako bisitan, “oroimen historikoa berreskuratzearen” alde hitz egin zuen Azkarragak: “ahanztura oroimenez betea dago, eta kontuan izan behar da haien herriaren aldeko egitasmoa —haien bizi proiektua— defendatzeagatik torturatu edo erail zituzten gazte haiek bi aldiz erailak izan litezkeela oroimenik ez badago azpimarratu du sailburuak.

Horrexegatik, Parque por la Paz Villa Grimaldi fundazioa garatzen ari den lana goretsi nahi izan zuen, “egungo belaunaldiei erakutsi nahi dielako herri honetan gertatu zena benetan gertatu zela, gurean ere gertatu zen bezala”. Horrez gain, berriro ere adierazi zuenez, “bere iragana ahaztu nahi duen herri batek ezin du iragan hori alde batera utzi, akats berberak errepikatzera kondenatuta egongo litzatekeelako. Oraina eta etorkizuna izan nahi duen herri batek aztertu behar du, baita ere, zer egin zuen gaizki iraganean”.

Horren ildotik, Fundazioko ordezkariekiko lankidetza-hitzarmen luzagarri baten sinadura iragarri zuen Azkarragak, “diru-laguntza emateko, Txileren orain eta etorkizunerako berebiziko garrantzia duen gai hori garatzen jarraitu dezaten”.

Villa Grimaldira iritsi baino ordu batzuk lehenago La Recoletako hilerrian, Salvador Allende presidente ohiaren hilobia bisitatu zuen Justizia sailburuak, eta lore-sorta eskaini zion.

Eguna amaitzeko, “Sebastián Acevedo” Torturaren aurkako mugimenduko fundatzailea den José Aldunate apaiz jesuitarekin bildu zen Azkarraga Santiagon.

Sailburuak pere poza adierazi zuen Torturaren aurkako Mugimenduak egindako lana “lehen eskutik” ezagutzeko aukera izan zuelako; izan ere, “zuek eta guk egoera paraleloak bizi izan ditugu”, esan zuen Azkarragak Pinochet eta Francoren diktadurei erreferentzia eginez.

Azkarragak berriro aipatu zuenez, “beharrezkoa da egia bilatu eta jakinaraztea”. “Ez da iragana arakatzearen beldur izan behar —azpimarratu zuen—, betiere belaunaldi  berriek gertatutakoaz jabetzea eta berriro ez gertatzea bada helburua”.

Gaur, astelehena, Txilerako bidaia ofiziala jarraituko du sailburuak, eta Santiagoko Behin?behineko Barneratzeko eta Erregimen Itxiko Zentroko arduradunekin bilduko da.

Bihar Txileko Gorte Goreneko lehendakari izendatu berria den Urbano Marín jaunarekin bilduko da, Lankidetza Hitzarmena sinatzeko. Horrez gain, Txileko Lan eta Gizarte Aurreikuspen ministro Osvaldo Andraderekin bilduko da, beste Lankidetza Hitzarmen bat sinatzeko.

Informazio gehiago

Eusko Jaurlaritzaren web gunea bisitatu.


Rate:
http://www.euskosare.org/euskal_mundua/azkarraga_bisita_txile/eks_newsitem_view