|
Idoya Salaburu Urruty San Francisco, United States of America. 2007-03-28 15:25 Last modified: 2007-03-29 00:47 Translated by: María Verónica Barzola |
|
|
John Garamendik EuskoSareri elkarrizketa bat eskaini dio esklusiban: "Euskal komunitatean hezkuntza eta heziketari buruzko kultura bat dago"
John Garamendi Kaliforniako Estatuko
Aseguruentzako Komisionatua izan zen 2003 eta 2007 bitartean, aurretiaz 1991
eta 1995ra doan tartean postu hori berak bete zuen lehen aldiz. Horrez gain,
1995etik 1998ra arte Estatu Batuetako Barne Saileko Idazkariorde izan zen.
Kaliforniako Unibertsitatean, Berkeleyn eta Harvard Business School delakoan
graduatu zen. Azken horretan MBA titulua lortu zuen. Amerikar futbol jokalaria
eta kirol-borrokan txapeldun izan zen. Etiopian bake-gorputzen batailoietan
parte hartu zuen bere emazte den Pattirekin batera. 6 seme-alaba ditu eta 9
iloba.
EuskoSarek berarekin hitz egiteko aukera izan zuen estatuko hiriburuan, non gogotsu aurkitu genuen munduko euskaldunei buruz eta bere bizitzan euskal senak izan duen eraginari buruz hitz egiteko.
Zure aitona euskalduna zen. Noiz etorri zen Estatu Batuetara? Eta nondik?Nire aitona eta amona, biak ziren euskaldunak. Aitona 1906an etorri zen Ameriketara, amona aldiz bi urte geroago, 1908an. Nire aitona Nevadara etorri zen artzain moduan lan egitera, baina ardiak ez zituen gogoko, ezta ardiek bera ere. Orduan Utah-ra alde egin zuen eta han ezagutu zuen nire amona. Proboko, Utah, euskal ostatu batean ezagutu zuten elkar. Nire amona Ondarroakoa zen, aitona Lekeitiarra. Senideak oraindik han kokatzen dira. Nire aitonaren familia Lekeitio, Bilbao eta Madrilen aurkitzen da. Amonari dagokionez, Osa familia, bere anaia 30. hamarkadan pisu astunen Europako txapeldun izan zen. Ostean izkiren nazioarteko garraio enpresa bat sortu zuen. Senide horiek ere inguru hartan jarraitzen dute.
Nire aitonak Kaliforniara migratu zuten. Han, Stocktonen, euskal ostatu bat zuzendu zuten. Han izan ziren 1918 eta 1920 bitartean. Sukar tifoideoen izurrite baten ondorioz nire aitaren arreba hil zen. Amonak herri hura txarra zela uste zuen eta Kalexikora joan ziren, Imperial Valley-ra, eta nekazal lanetan jardun zuten han aldi batez. Horrek ere ez zuen behar bezala funtzionatu eta Nevadara itzuli ziren. Nire aitak lehen eta bigarren irakaskuntza Ely-n, Nevadan, burutu zuen. Ondoren Nevadako Unibertsitatera joan zen eta hantxe ezagutu zuen nire ama.
Aitona-amonek euskara hitz egiten al zuten?
Bai noski, euskaraz hitz egiten zuten. Nire
aitaren lehen hizkuntza euskara izan zen. Bingham Canyon-en, Salt Lake City-tik
mendebaldera, jaio zen. Bere lehen hizkuntza euskara izan zen, bigarrena
gaztelera eta hirugarrenik ingelesa. Aita txikia zelarik bere gurasoekin
euskaraz hitz egiten zuen, baina ia ziur gaude nire aitak kritika ugari jaso
zuela eskolan ingelesez ez jakitearren. Horrelako jarrerak ez ziren arraroak
garai hartan, oso ohikoak ziren 50. eta 60. hamarkadetan. Hortaz, ez zigun
euskara eta gaztelera erakutsi nahi izan, nahiz eta bere guraso eta lagunekin
erabiltzen zuen.
Nire familiaren arrantxoan jaio nintzen. Nire amaren familiaren jatorria bikoitza da: Italia eta Irlanda. Bere aitona-amona irlandarrak Kaliforniara etorri ziren New England-etik 1860. urtean. Aurretiaz Irlandatik alde egin zuten kotoi-errotetan lan egiteko. Meatzaritzan hasi ziren eta ondoren arrantxo batean bukatu zuten. Hazten ikusi ninduen arrantxoa nire amaren familiarena zen. Chili Gulch-en kokatzen da, Mokelumne Hill-etik 2 mila hegoaldera, Kaliforniako urre meatzaritzaren eskualde bat. Han hazi nintzen nire sei anaiekin batera. Nire aitak arrantxoko lanak hartu zituen bere gain, eta hil arte zuzendu zuen, 1992an. Familiak zuzentzen du oraindik arrantxoa, haren administrazioa nire anaia batek darama. Gure ama bizi da eta matriarkatua bere esku dago. Badira 30 urte nire emazte Pattik eta biok gure arrantxo propioa erosi genuela. “Paloma” du izena, eta familiaren arrantxotik gertu dago, 5 milatara gutxi gorabehera.
Zer eragin izan du zure bizitzan
euskaldun izateak? Euskal sustraiak zure identitatearen alde garrantzitsu bat
direla uste al duzu?
Bai noski, eragina izan dute. Txikitatik
gure gurasoek bueltan eramaten gintuzten Ely-ra. Batzuetan festa garaian
gindoazen eta Ely eta Elko-ko jaietara joateko aukera izaten genuen. Beti
mantentzen genuen hartu-emana osaba, izeko eta lehengusuekin. Urteak aurrera
egin ahala beti egiten genuen bat lekuren batean edo bestean. Beti parte
hartzen genuen familiaren ekitaldi horietan, eta nire aitari zegokionez beti
zeuden euskal kulturari lotuta. Eta noski, nire aitona eta amona –20 urte baino
gehiago izan nituen arte bizi izan ziren – beti ari ziren Euskal Herriaz
hizketan.
Ba al da euskaldunik politikari ez denik? Gutxienenez beti gaude politikaz asko hitz egiteko prest... Nire aita oso aktiboa izan zen politikan, Calaveraseko konderrian: hezkuntza batzordean, politika demokratetan, etab. Apustu bat galdu zuen Eisenhower hautatu zuten hauteskundeetan eta oinez joan behar izan zuen Mokelumne Hill-eko komunitate batetik San Andreas-era arte, ortozik, 8 milatan. Hura izan zen kanpaina politiko batean apustu egin zuen azken aldia. Patti eta niretzat, Bake-Gorputzetan geundela hasi zen. Etiopiatik Ameriketara itzuli ginenean, puri-purian zegoen Vietnameko Guda, arrazagatiko gatazkak, etab. Tartean sartu behar genuela erabaki genuen. Horrela izan zen.
Zer duzu gogokoen Gobernadoreorde izatetik?
Asko gozatzen dut. Oso gogoko dut, arduratzen nauten hainbat gaien inguruan lanean ari naizelako: hezkuntza, unibertsitateak, ikerketa eta hainbat jarduera nazioarte mailan. Klima aldaketa eta osasun zerbitzuekin zerikusia duten gaiekin ere gogotsu ari gara lanean. Oraintsu, ozeanoen babesari buruz neurri batzuk hartu ditugu, izan ere hainbat gai hartu behar dira aintzat ozeanoen habitatei dagokienez. Besteak beste gai horien inguruan dihardugu lanean, nahiz eta egunero sortzen diren gaiak eta konpondu beharreko arazo berriak.
Kontaiguzu zerbait urtero ospatzen duzun euskal barbakoari buruz...
1974ean kargura lehen aldiz aurkeztu nintzenean, gure lehen euskal barbakoa izan genuen, nirekin lan egin zuen boluntarioen taldeari esker ona erakusteko. Hura zen lehena. 29 daramatzagu jada ospatuta. 30. aurki ospatuko dugu, gure arrantxoan, hurrengo maiatzaren 19an. Noiz edo noiz Chino-ko euskal klubeko dantzariak izan ditugu eta beste batzuetan Los Banose-ko taldea. Aurten seme-alabek ospakizun “berdea” izatea nahi dute, hortaz euskal barbakoa izango da, baina ingurugiroaren aldeko kutsu batekin.
Estatu honetan zein herrialde osoan euskaldunak modu egokian proiektatuta gaudela uste al duzu?
Baietz uste dut, bai Kaliforniako Estatuan zein Estatu Batuetan. Baditugu urteroko jaialdiak, euskal klubak, etab. South San Francisco Basque Cultural Center da horren adibide ezin hobea. Ederki egiten ari direla uste dut.
Zein mezu bidali nahi zenieke Kaliforniako euskaldunei?
Interesgarrien ikusten dudana da euskaldunak Kalifornian gure identitatea mantentzen saiatzen garela, bai kulturalki zein hizkuntzarekin, nahiz eta batzuek, ni bezala, ez dugun hitz egiten. Biltzea gogoko dute, eta istorioak partekatzea beraien arrakasta eta porrotei buruz, baita kultur ondare aparteko hori mantentzea. Gogoko dut hori guztia. Harrotasuna eta arrakasta: sentimen nahasiak. Hezkuntza mailan desio handi bat ere bada. Adibidez, zu inmigranteen lehen belaunaldiko alaba zara eta unibertsitatera joatea erabaki zenuen, eta zure gurasoak joatera bultzatu zintuztelaren susmoa badut. Bada euskaldunon artean zerbait amankomuna dena. Euskal komunitatean bada hezkuntza eta heziketaren inguruko kultura bat eta hori komunitate osoa antzematen dut, Chino-n, Central Valley-n edo San Frantziskon. Hezi eta hobetzeko jomuga oso positibo bat da.
Euskal politika jarraitzen al duzu?
Pixka bat. Ez nago modu estuan harremanetan ezta gai guztien jakinaren gainean, baina saiatzen naiz zer gertatzen ari den jarraitzen. ETAren inguruko kontuak hurbiletik jarraitzen ditut, arazo moduan ikusten baitut. Su etena eta orain dela gutxiko haustura ere jarraitu ditut.
Berriki Eusko Jaurlaritzako zenbait ordezkarirekin aurkitu zinen South San Frantziskon. Hori izan al zen Eusko Jaurlaritzarekin izan duzun lehen topaldia?Ez. Washingtonera 1995ean joan aurretik, 90. hamarkadaren hasieran, hainbat ordezkaritza pasatu ziren hemendik. Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza ekonomikoak etorri ziren eta beraiekin izan nintzen. Haiekin lan egin nuen, aurkeztu zituzten proiektuak aztertu, eta talde ezberdinekin jarri nituen harremanetan. Proiektu horietarik, zenbait baliagarriak ziren Kaliforniarentzat eta aukera ekonomikoak zituzten. Jendea lotu nahi izan nuen, ahal izan nuen bezain hobeto. Gobernadoreorde gisa dudan zereginetako bat Kaliforniako Estatuaren nazioarteko ordezkaritza da. Hortaz, espero dut Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzekin topo egingo dudala.
SPRIk badu bulego bat Txikagon eta Eusko Jaurlaritzak aurki zabalduko du bulego bat New Yorken negozio harremanak areagotzeko asmoz. EE.BB-ak eta Euskal Herriaren artean negozio harremanak sendotu daitezkeela uste al duzu?Noski baietz, are gehiago egun harreman hori existitzen da.Badakit existitzen dela turismo alorrean. Mundu guztiak joan nahi du Bilbora Museoa bisitatzera. Jarduera industrialak ere ugariak dira. Horretan nenbilen lanean 90. hamarkadaren hasieran, informazioa pasatu behar genuen batetik bestera. EuskoSareren web gunea toki ezin hobea da hori egiteko. Oso modu eraginkorra da eta, izan ere, Estatu mailan ere beste guneren bat zabaltzeko ikertzen ari gara, non jendeari Kaliforniako industria, enpresa, turismo baliabide eta abarretan, elkareragiteko aukera emango zaion. Oso lanabes boteretsua izan daiteke. Bide on bat jendea eta negozioak biltzeko.
Uste al duzu maila politiko eta ekonomikoan EE.BB-etan euskal lobby bat egon daitekeenik?
Lehenik helburua zein den erabaki behar da. Helburua Espainiako politikan eragitea balitz, ez litzateke interesgarria izango. Jarduera berezi baten inguruan interes amankomun bat baldin badugu, adibidez hezkuntza, orduan bai. Argi dago egun esnearen industrian euskal lobby bat badela. Ez du izendapen zehatzik, baina Kalifornian industria hori euskaldunen eta portugesen eskuetan dago. Hortaz, egun existitzen da jada euskal lobby ekonomiko bat. Beste bat izatekotan, euskal kulturaren inguruan sortu beharko litzateke, baina noski arlo ekonomiko bati eta hezkuntzari elkar lotuta. Horrelako zerbait izan beharko luke.
Ezagutzen al duzu EuskoSare ekimena? Zein da zure iritzia?Uste dut ideia ezin hobea dela. Sarea, komunikazioa, jatorriarengatik dugun harrotasuna,...horretan sakondu behar da. Sustraiak oso inportanteak dira jendearentzat. Garrantzitsua da jakitea nor zaren eta nondik zatozen; eta horregatik harro egon. Sareak munduan zehar barreiatuta dagoen jendea harremanetan mantentzen du. Uste dut oso emaitza positiboak izango dituela, baita maila ekonomikoan ere. Gainera, ziur naiz arrakasta izango duela ere kultura eta turismo arloan. Zuen sareak jendea konektatuko du.
Zure iritziz, zer egin beharko luke EuskoSarek EE.BB-etako euskaldunengatik?
Lehenik, sare gisa, komunikaziorako lanabesak eta gertakizunen egutegi bat. Horrez gain, Nevadako Unibertsitatean, Renon, eta beste hainbat tokitan badira hainbat ikerketa eta ikasketa lan euskaldunen inguruan. Lan horietara estekak eskaini beharko lirateke, interesa duen jendeak kontsultatu ahal izateko. Historia eta arte lan asko dago, eta nire ustez sarea eta web gunea erabili beharko litzateke hemen eta han idatzita dauden historiaren zati ezberdinak identifikatu ahal izateko. Adibidez,Laxalten liburuak Tahoeko eskualdeko artzainei buruzkoak oso interesgarriak dira. Nork ezagutzen du hori? Sareak testu horietara eta arte-lanetara sarbidea eskaini behar du. Euskal artistak eta eskultoreak ospetsuak dira, eta hainbat dira. Informazioa gero eta handiagoa da Interneten. Artistek, poetek eta idazleek aukera ezin hobea dute bere lana publikoari erakusteko.
Ameriketako euskaldunoi zure izendapenak harrotu gaitu. Zer gertatuko da Kaliforniako Gobernadoreordearekin etorkizunean? Hain Estatu garrantzitsua izanda, ikusten al duzu zeure burua Etxe Zurian?Ba egia esan, ez. Kaliforniako Gobernadore gisa ikus ninteke. Haratago, ez dut uste.
Informazio gehiago
John Garamendi's Official Website
A project by the Basque Studies Society
Aupatu
Zabaldu
del.icio.us
Digg
Google
Technorati
Yahoo