|
2007-12-03
09:04
Last modified: 2007-12-03 11:31 |
|
|
Eusko Ikaskuntzaren ENE Saria Bartzelonako Euskal Etxeari
Eusko Ikaskuntzak antolatutako ENE Sarira aurkeztutako hautagaien artean epai mahaiak Bartzelonako Euskal Etxea nabarmendu du. Hala ere, garbi utzi nahi du aurkeztutako guztiek meritu handia dutela euskararen sustapenean. Bederatzi izan dira bigarren edizio honetara azaldutako elkarteak, Argentina, Frantzia eta espainiar estatuetakoak.
Bartzelonako Euskal Etxea 1979an sortu zen bi helburu nagusirekin; alde batetik, Bartzelonan bizi ziren euskaldunak elkartu ahal izateko leku bat sortu nahi zuten, eta, bestetik, euskal kultura Katalunian ezagutzera eman.
Ordutik, Euskal Etxeak Katalunian euskal kultura zabaltzeko makina bat ekitaldi antolatzen ditu urtean zehar; hala nola, musika jaialdiak, liburu aurkezpenak, hitzaldiak, euskal jai nagusien ospakizunak, euskal instrumentu eta dantza tailerrak...
Hasierako urteetan bazkide gutxi batzuk biltzen baziren ere, egun 350 bazkidetik gora dira.
Euskal Etxean berebiziko pisua du Euskara Sailak. 2007/08 ikasturtean adibidez 130 ikasle dituzte euskara eskoletan matrikulatuta. Horrez gain mintzamena lantzeko talde berezi bat ere badute eta aipatzekoa da aurten Internet bidezko Boga ikastaroek bertan izan duten gorakada. Gainera iazko ikasturtean Bartzelonatik kanpo ere eskolak ematen hasi ziren, Granollersen hain zuzen ere. Aurten talde hori mantendu dute eta, Ateneu Sancugatenc-ekin elkarlanean, Sant Cugat del Vallèsen beste talde bat sortu ahal izan dute.
Euskararen inguruan beste hainbat ekimen ere burutzen dituzte: euskara ikastaro intentsiboak udan zehar, barnetegia, haurren txokoa, etab. Dudarik gabe apurka-apurka, euskara Kataluniara zabaltzen hasi dira, muga guztiak gaindituz.
Oso egitasmo ugaria eta aberatsa da euskararen inguruan Bartzelonako Euskal Etxeak garatzen duena, kontuan hartuta Euskal Herritik kanpo eta urrun landua dela. Nolakotasun hori, azpimarratzen dute epai mahaikoek, hautagai guztiei dagokie, eta elkarte guztien lana goraipatu dute.
Aurtengo epai mahai ondoko pertsonek osatzen zuten: HABEtik Joseba Erkizia, bere zuzendaria, eta Kinku Zinkunegi, Diasporarako programa berezien arduraduna, Estebe Ormazabal Brasileko Sao Paoloko Euskal Etxeko euskararen arduraduna eta Josemari Velez de Mendizabal Eusko Ikaskuntzaren gerentea.
Euskararen Eguna Frantzisko Xabier Deunaren egunean antolatzeko ekimena Eusko Ikaskuntzak sortu zuen 1948an, eta lehen edizioa 1949an egin zen, munduko hainbat hiriburutan. Oraingo hau da ENE SARIA-ren bigarren edizioa izan da, eta Nestor Basterretxea euskal artistak ENE ospakizunerako burutu anagramaren altzairuzko erreprodukzioa da sari ikurra.
A project by the Basque Studies Society
Aupatu
Zabaldu
del.icio.us
Digg
Google
Technorati
Yahoo