EuskoSare > About EuskoSare > EuskoSarek diasporako 20 gazteri deialdia luzatzen die Azkarateko Gazteluaren lanetan jarduteko uztailaren 6tik 27ra
2007-03-13 22:13
Last modified: 2007-05-09 17:18
Translated by: María Verónica Barzola
Azkarateko Gaztelua. Zaharberritze prozesuan. Copyright © EuskoSare

EuskoSarek diasporako 20 gazteri deialdia luzatzen die Azkarateko Gazteluaren lanetan jarduteko uztailaren 6tik 27ra

EuskoSarek, Concordia Elkartearekin eta Behe Nafarroako Azkarateko Udalarekin batera, deialdia luzatzen die Azkarateko Gazteluaren berreraikitze lanetan jarduteko prest leudekeen munduko euskal kolektibitateen kide diren 20 gazteri. Aurrikuspena da eraikina Diasporaren Nazioarteko Zentro bilakatzea.
Azkarateko Udala, Behe Nafarroan Donibane Garazitik gertu dagoen udalerria, bertako gazteluan Diasporaren Nazioarteko Zentroa ezartzeko sustapen lanetan ari da. EuskoSarek ekimen honekin bat egiten du. .

Uztailaren 6a eta 27a bitartean, munduko borondatezko lankideen bigarren bidaia egingo da gazteluaren birgaitze eta zaharberritze lanetan parte hartzeko. Lehen bidaia 2006an egin zen.

Horretarako EuskoSarek munduko euskal kolektibitateen kide diren 20 gazte hautatuko ditu, uztailean bolondres gisa lanetan jardun daitezen. Hautagaiek hegazkinerako txartelak bakarrik erosi beharko dituzte; gainontzeko kostuak antolatzaileek hartuko dituzte beraien gain.

Gazteluan egingo diren lanak eta Euskal Herriko egonaldian zehar egingo diren atsegin hartzeko aktibitateeen ardura Concordia Elkartearen eta EuskoSareren esku egongo dira. Concordia Nazioarteko Lankidetza Programen antolakuntzan diharduen erakundea da.

Programa modu honetan dago antolatuta:

Data: 2007ko uztailaren 6tik 27ra.

Izena emateko azken eguna: 2007ko maiatzaren lehena, Euskal Herriko 00:00etan. Itxiera ordua baino lehen inskribatzea gomendatzen dizugu, horrela balizko eragozpenak ekiditzeko

Zein da lanaren xedea: garbitu, margotu, materialen garraioa, horma bat eraiki gaztelua inguratuz, etab.

Lan orduak: 5 ordu egunean, astelehenetik ostiralera.

Aisialdia: atsegin hartzeko eta kulturarekin zerikusia duten hainbat aktibitate, bidaiak Hegoaldera, Lapurdira eta Zuberoara.

Izena emateko baldintzak: izena emateko orduan 18 eta 35 urte arteko adina izan. Euskal Herritik kanpoko euskal kolektibitate baten kide izan. Antolatzaileek jarritako formularioak bete. Pasaportearen eta hegazkin txartelaren kopia bat bidali 2007ko uztailaren lehena baino lehen.

Kostuak: boluntarioek Euskal Herrira joateko eta beraien herrialdeetara itzultzeko hegazkin txartela ordaindu behar dute. Horrez gain 22 euro ordaindu behar dituzte

Ostatua eta janaria: Concordia erakundea eta Udala arduratuko dira herrian ostatua ematen (landa-baldintzak, abian jarritako ekimenaren parekoak) eta boluntarioen janari gastuak ere bere gain hartuko dituzte

Izena eman nahi dutenak beraien eskaera egin dezakete EuskoSareren Harremanetarako Formularioaren bitartez (Hartzailea: EuskoSare Osoa), mezuan ondoko datuak gehituz:

  • Izen-abizenak
  • Nortasun agiriaren zenbakia
  • Pasaportearen zenbakia
  • Jaiotze-data
  • Posta-helbide osoa
  • Harremanetarako telefono zenbakia
  • Zein euskal kolektibitateren kide zara?
  • Kooperazio programetan parte hartu duzu aurretiaz?

EuskoSare jarriko da harremanetan bidaltzaile eta interesatu bakoitzarekin, bete beharreko formularioak bidaltzeko eta izen-ematearen baldintza formal guztien betearazpena bermatzeko.

Pausuok behin emanda eta dokumentazioa aztertu ondoren EuskoSarek bidaltzaile bakoitzari bere inskripzioa baieztatuko dio. 20 eskaera baino gehiago jasoz gero, EuskoSarek hautaketa bat egingo luke horien artean (komunitate ezberdinetako parte-hartzaileen aniztasuna izango da kontutan).


Informazio gehiago:

Donibane Garazitik, Behe Nafaroako hiriburutik, oso gertu kokatzen da Azkarate. Herrian aurkitzen den gazteluak erdi aroko jatorria du. Diasporaren Nazioarteko Zentroa ezarri nahi da bertan. Helburua da mundu osoan zabalduta dauden euskaldunen ondorengoen erreferente bilakatzea Euskal Herrira datozenean. Gainera, diasporarentzat euskal kulturaren igorle ere izan nahi du, horretarako euskal kultur eremuko aktore ezberdinen parte-hartzea sustatuko duelarik.

Borondatezko lankideak 2006


Rate:
http://www.euskosare.org/euskosareri_buruz/eks_diasporako_20_gazteri_deialdia_luzatzen_die_azkarate/eks_article_view