|
2010-11-03
09:23
Azken aldaketak: 2010-11-03 12:33 |
|
|
ENE Sariaren V. edizioa
1948. urtean Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu eta antolatu zuen lehen aldiz, eta orduz gero abenduaren 3an ospatzen da urtero. Euskara zabaldu eta sustapen lanetan aritzeko helburua izanik, Euskal Herritik kanpo euskararen zabalkunde eta sustapenean ahalegin gehien egin duen elkartea saritzeko deia luzatzen du Eusko Ikaskuntzak.
ENE SARIAren edizio berri honen irabazleak esker on publikoa eta Nestor Basterretxeak Euskararen Nazioarteko Egunerako diseinaturiko burdin eta altzairu herdoilgaitzez egindako anagramaren erreprodukzioa jasoko du.
Parte hartzeko oinarri eta baldintzak
Hautagaiak
Euskal Herritik kanpo euskara sustatzeko lanetan diharduen edozein erakundek parte har dezake. Euskal hizkuntza eta horren adierazpideak zabaltzeko lana hartzen da euskara sustatzeko lantzat: irakaskuntza, literatura idatzia, ahozkoa, zinea… eta sortze lan oro.
Saria
Saria: aitorpen publikoa eta Nestor Basterretxeak ENErako (Euskararen Nazioarteko Eguna) diseinatu zuen anagramaren burdina eta altzairu herdoilgaitzezko erreprodukzio bat ematea.
Epaimahaia
Eusko Ikaskuntzak izendatuko duen Epaimahai batek hartuko du erabakia.
Baloratzeko orduan, Epaimahaiak alderdi kuantitatiboak eta kualitatiboak hartuko ditu kontuan, sustapen ideietan ageri den berritasunarekin batera.
Epaimahaiak saria eman gabe utz dezake.
Hautagaiak Aurkeztea
Parte hartu nahi duten erakundeek beren jardueraren laburpen bat bidali behar dute EuskoSarera (info@euskosare.org). Laburpen horrek gehienez DINA4 neurriko bost orri izango ditu, eta bertan Epaimahaiak kontuan hartzeko interesgarri irudituko zaizkien xehetasun guztiak azalduko dituzte: erakundearen sorrera data; euskararen inguruan urtean burutzen dituzten ekintzak; ikasle kopurua, hala badagokio; argitalpenak eta antzekoak; lorturiko goraipamenak eta sariak; eta abar.
Epeak
2010eko azaroaren 25ean, gaueko 24:00etan, amaituko da hautagaiak aurkezteko epea.
Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, jakinaraziko da Epaimahaiaren erabakia.
Gorabeherak
Sariari buruzko edozein arazo Eusko Ikaskuntzaren baitan erabakiko da.
Eusko Ikaskuntzaren proiektua
Aupatu
Zabaldu
del.icio.us
Digg
Google
Technorati
Yahoo