EuskoSare > About EuskoSare > Eusko Ikaskuntzak ENE sariaren hirugarren edizioa antolatzen du, Euskal Herritik kanpo euskara bultzatzen duten erakundeentzako saria.
2008-10-14 20:56
Last modified: 2008-10-30 13:24
Translated by: Zoraima Martínez de Pisón

Eusko Ikaskuntzak ENE sariaren hirugarren edizioa antolatzen du, Euskal Herritik kanpo euskara bultzatzen duten erakundeentzako saria.

Hirugarren urtez jarraian, Eusko Ikaskuntzak ENE SARIA abian jartzen du. Horren bitartez Euskal Herritik kanpo euskara bultzatzeagatik gehien nabarmendu den erakundea saritu nahi da. Aukera garrantzitsua da hizkuntzaren irakasketaren eta sustapenaren alde lan egiten duten Munduko Euskal Komunitateko erakunde guztientzat. Hautagaientzako deialdia azaroaren 27an ixten da.

1948. urtean Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu eta antolatu zuen lehen aldiz, eta orduz gero abenduaren 3an ospatzen da urtero. Euskara zabaldu eta sustapen lanetan aritzeko helburua izanik, Euskal Herritik kanpo euskararen zabalkunde eta sustapenean ahalegin gehien egin duen elkartea saritzeko deia luzatzen du Eusko Ikaskuntzak.

ENE SARIAren edizio berri honen irabazleak esker on publikoa eta Nestor Basterretxeak Euskararen Nazioarteko Egunerako diseinaturiko burdin eta altzairu herdoilgaitzez egindako anagramaren erreprodukzioa jasoko du.

Parte hartzeko oinarri eta baldintzak

Hautagaiak

  • Euskal Herritik kanpo euskara sustatzeko lanetan diharduen edozein erakundek parte har dezake. Euskal hizkuntza eta horren adierazpideak zabaltzeko lana hartzen da euskara sustatzeko lantzat: irakaskuntza, literatura idatzia, ahozkoa, zinea… eta sortze lan oro.

Saria

  • Saria: aitorpen publikoa eta Nestor Basterretxeak ENErako (Euskararen Nazioarteko Eguna) diseinatu zuen anagramaren burdina eta altzairu herdoilgaitzezko erreprodukzio bat ematea.

Epaimahaia

  • Eusko Ikaskuntzak izendatuko duen Epaimahai batek hartuko du erabakia.

  • Baloratzeko orduan, Epaimahaiak alderdi kuantitatiboak eta kualitatiboak hartuko ditu kontuan, sustapen ideietan ageri den berritasunarekin batera.

  • Epaimahaiak saria eman gabe utz dezake.

Hautagaiak Aurkeztea

  • Parte hartu nahi duten erakundeek beren jardueraren laburpen bat bidali behar dute EuskoSarera (info@euskosare.org). Laburpen horrek gehienez DINA4 neurriko bost orri izango ditu, eta bertan Epaimahaiak kontuan hartzeko interesgarri irudituko zaizkien xehetasun guztiak azalduko dituzte: erakundearen sorrera data; euskararen inguruan urtean burutzen dituzten ekintzak; ikasle kopurua, hala badagokio; argitalpenak eta antzekoak; lorturiko goraipamenak eta sariak; eta abar.

Epeak

  • 2008ko azaroaren 27an, gaueko 24:00etan, amaituko da hautagaiak aurkezteko epea.

  • Euskararen Nazioarteko Egunean, 2008ko abenduaren 3an, jakinaraziko da Epaimahaiaren erabakia.

Gorabeherak

Sariari buruzko edozein arazo Eusko Ikaskuntzaren baitan erabakiko da.


Rate:
http://www.euskosare.org/euskosareri_buruz/oinarriak_ene_saria_hirugarren_edizioa/eks_newsitem_view