EuskoSare > Communities > Euskalerria > Animabasque-Business animazioko nazioarteko bigarren azoka Bilbon
2009-03-25 15:53
  • Euskara
  • Castellano
  • Français
  • English

Animabasque-Business animazioko nazioarteko bigarren azoka Bilbon

Merkatu berrietara helarazi nahi den Euskadin egindako animazioa, martxoaren 26an ikusi ahal izango da Bilboko Euskalduna Jauregian.

AnimabasqueBusiness azokaren bigarren edizioa martxoaren 26an egingo da, Bilboko Euskalduna Jauregian. Azoka hori animazio-edukiei buruzko nazioarteko foroa da, eta bere asmoa Euskadiko enpresek garatzen dituzten animaziozko produktuei babesa ematea da, merkatu berrietara heldu daitezen.

Hitzordu honetan Estatuko eta Estatutik kanpoko profesionalek eta enpresek hartuko dute parte. Hori horrela, antolakuntza harremanetan jarri da nazioartean izen handia duten sektoreko berrogeita hamar bat konpainiarekin, eta, dagoeneko, enpresa batzuek bertan egongo direla adierazi dute: besteak beste, Art Mell (Frantzia), Filmax (Espainia) eta Little Dragon eta Wonky Films enpresa britainiarrek (azken horrek BBCrako eta Channel 4rako animazio-proiektu ugaritan hartu du parte). Gainera, TVE eta Canal Sur kateetako haur sailen arduradunak ere jardunaldian egongo dira.  

Eikenek eta Barton Filmsek sustatutako ekimen hau Euskadiko Ikus-entzunezkoaren Klusterraren estrategiaren barruan dago; estrategia horrek ekintza integratuak gauzatzeko xedea dauka, merkatu berrietara jotzeko eta euskal enpresak nazioartera zabaldu ahal izateko. Gainera, “AnimaBasque-Business” ekimenak babes instituzional handia dauka. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak babesten du, Kultura Sailaren bitartez; eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa ere badu, foru erakundeko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapeneko Sailak kudeatzen duen Bultzatu Programaren bitartez. Edizio honetan, gainera, Ikus-entzunezkoaren Klusterra eta Britainia Handiak Bilbon duen Kontsulatua modu berezian aritu izan dira lankidetzan, Euskadiko eta Britainia Handiko enpresen arteko lankidetza ahalbidetzeko asmoz.

Euskadiko enpresak
Animaziozko edukiak lantzen dituzten Euskadiko enpresen artean, aurten, Dibulitoon, Xperimienta+Kaia, Somuga, Baleuko eta Siverspace enpresek euren proiektuak aurkeztuko dituzte –garapen edo produkzio fasean–. Denek ere ibilbide luzea egin dute animazioaren munduan, eta sari eta izendapen ugari jaso dituzte, ospe handiko ekitaldietan; esate baterako, Goya Sarietan. Era berean, Silverspace enpresa arabarraren “Perpetuum mobile” film laburra aurtengo Oscarretarako aurreaukeratu zuten, animaziozko film laburrik onenaren kategorian.

Bost horiez gain, Magoproductions (Bartzelona), Forma Animada (Sevilla), Little Dragon, The 3D Revolution eta Wonky Films (Erresuma Batua) enpresek euren proiektuak aurkeztuko dituzte.

Hain zuzen ere, azoka hau AnimaBasauri V animazio-jaialdiarekin bat eginez ospatuko da Bilbon. Alderantzizko misio komertzialaren formatuan aurkeztuko da, eta, bertan, nazioarteko koproduktoreek eta bezero potentzialek produkzio fasean edo banaketaren zain dauden proiektuak ezagutu ahal izango dituzte. Izan ere, enpresek proiektu horiek aurkezten dituzte, atzerriko jendearekin akordioak, koprodukzioak eta banaketak lortzeko, euren lanei irtenbidea emanez.

Azokak harreman zuzenerako espazio bat ahalbidetuko du, profesional, ekoizle eta banatzaileen arteko elkarrizketa eta topaketen agenda itxiarekin, lan-mahaien bitartez. Nazioarteko animazioan sona handia duten pertsonak ere egongo dira hitzordu honetan; besteak beste, Francis Nielssen zuzendari frantziarra.

“Ikus-entzunezkoaren barruan, animazioa da garapenerako eta merkatu berrietara sartzeko aukera gehien duen azpisektoreetako bat, nazioarteko produktua delako. Hori dela eta, garrantzitsua da foro hau sendotzea eta enpresei euren lanak aurkezteko aukera ematea”, azaldu du Eikenen zuzendaria den Itziar Menak. Klusterraren arduradunek konfiantza daukate AnimaBasque-Businnes Estatuko animazioaren merkatu nagusi legez finkatuko dela eta urteroko hitzordua bihurtuko dela, ezagutza, teknologia eta lan-metodologiak trukatzeko, animazioaren ikus-entzunezkoen industriarentzat. 


Rate:
http://www.euskosare.org/komunitateak/euskalerria/annimabasque_business_bigarren_azoka/eks_newsitem_view