|
|
Hiru hitzaldi nagusien laburpena
Industri enpresetako parte hartzeari buruzko ibilbide osoa eta sintetikoa egin zuen. Esan dezakegu bere azalpena leku gutxian asko esateko adibide perfektua izan zela, testuko zentimetro koadro bakoitzean eduki asko sartu zuela.
Industri iraultzaz geroztik, XIX. mendean, parte hartzea ulertzeko modua errotik aldatu zen. Lehenago, eskulangileen interesa teknikak eta produktuak menperatuko zituzten ofizialak eta maisuak prestatzea zen, baina antolatzeko ikuspegi berriarekin, produkzio unitate arrazionalizatuak sortzeko joera iritsi zen, hainbat ereduri jarraituz, horien artean Taylorrenari, edo Ford muntaketa kateen eredu erradikalari.
Parte hartzearen kontzepzio berriak erakutsi zuen, berez, “antolamenduaren birdiseinu” bat zela, era berean kapitalen kontzentrazio batetik zetorrena, eta enpresaren jabetzaren titulartasuna pertsonalizatzetik.
Gogorarazi zituen beste ekarpen batzuen artean daude Elton Mayor, Giza Harremanen teoriarekin; Mintzsber, enpresaren organigrama berrantolatzeko ekarpenarekin edo kalitate zirkuluen ekimenarekin, langileen aldetik produkzio prozesuak hobetzeko eta hobekuntzak eskaini ahal izateko.
Erakundeei buruzko azterketa eta ezagutzaren ondorioz sortzen diren ikuspegi berrien osagarri gisa, esaterako, Zuzendaritza Parte Hartzailea, Demokrazia Industriala, Berringeniaritza…, jabetza partekatuaren arloan egindako esperimentu interesgarriak daude, langileen akzionariatuarekin eta etekinen banaketarekin.
Une honetan, beharbada, aldaketa erabakigarrien aurrean gaude parte hartzeari dagokionez. Horren adibide bat da, esaterako, Enpresa Erantzukizun Soziala esaten zaion hori indarrean egotea, edota, legeen eremuan, Europako Sozietate Anonimoaren Estatutu berria, parte hartzeari buruz sindikatuei ematen dien aukerarekin.
Denborak ez zuen gehiagorako ematen, eta hizlariak bere iritziz interesgarria den testu baten irakurketa gomendatu zuen, betiere parte hartzearen gai honetan sakontzeko.
Alex Aranzabal
Hizlariak azalpenaren soiltasuna eta kontzeptuen sakontasuna uztartzen jakin zuen, bertaratutakoen gogoa balioen eta lidergoaren garrantzirantz eramateko, gaur egun gizartearen eta enpresaren arloan bizitzen ari garen arazoak ulertzeko eta gainditzeko.
Gaur egungo krisiaren erroak sistemaren beraren baitan bilatu behar dira, eta ez munduko gobernuetan hainbesteko dramatismoa eragiten ari den epidermis ekonomiko-finantzarioan. Balioen krisi sakon baten aurrean gaude eta, errealitate hori ulertzen eta onartzen asmatzen ez dugun bitartean, irtenbideak ez dira lortu nahi diren emaitzetara iritsiko.
Balioak erabakitzeko irizpideak dira, gure portaera oinarritzeko aske egiten ditugun hautuak dira, gizartean integratzea ahalbidetzen diguten irizpen kolektiboak. Finean, gure ekintzak baldintzatzen dituzten elementuak dira, eta aldarrikatzen dugunaren eta praktikatzen dugunaren arteko koherentzi maila definitzen dute. Eta gerta daiteke azken alderdi hori gure proiektuari zilegitasuna kentzen dion Akilesen orpoa izatea.
Jendea bere balioen gainean ibiltzen da, balio horiek orientatzen dituzte ekintzak eta, hein handi batean, emaitzak baldintzatzen dituzte. Mota askotakoak izan daitezke: balio instrumentalak ditugu, adibidez, ikusi nahi dugun filma aukeratzeko erabiltzen ditugunak, edo gure bizitzako erantzun esentzialak bilatzeko ditugunak, esaterako, Zer espero dut nire bizitzan?
Balioek konfiantza sortzen dute, proiektu komunaren aldeko atxikipen pertsonal handiagoa; lidergo sendoagoak, bikainak eta eraldatzaileak eratzen laguntzen dute. Funtsean, gaitasun enpresariala handitzeko bide bat dira.
Parte hartzeak, parte hartzearen praktikak, batik bat, konfiantza finkatzea exijitzen du. Eta erantzukizuna eta ekimena sustatzen ditu.
Zaila da balioak neurtzen, baina hainbat teknikak behar besteko informazioa ematen digute komunitate edo enpresa batean nagusitzen diren balioak zein diren jakiteko. Eta kudeatu egin daitezke.
Hizlaria balioetan oinarritutako lidergo baten alde agertu zen irmo. Lidergo mota horietan benetan sinetsi behar da jendea dela egiazki garrantzitsua eta, finean, jendeak lortzen dituela arrakastak eta porrotak. Adam Smithen esaldi bat gogoratu zuen: “Ugaritasuna (aberastasuna) jendearen jarduerarekiko proportzionala da, ez urre edo zilar kantitatearekiko proportzionala, burugabekeriaz uste denez”.
Eta amaitzeko, Eibarko enpresari arrakastatsu bat gogorarazi zuen (Manuel Iraola Goitia, Microdecoko gerentea): hark zioenez, ikasle zelarik, ikasgelan ikasten ari zen hura nola aplikatu ematen zuen denbora guztia. Gaur egun ikasle askok espero dute beste batzuek etorkizuna bermatuko dieten lanpostu bat eskaintzea. Hark ekintzaile balioak zituen; beste hauek funtzionarioarenak.
Antonio Cancelo
Hizlariak, berezko argitasun eta gizatasunarekin, enpresek kokatuta dauden komunitatearen eraketan jokatzen duten rol nabarmena izan zuen gogoetagai. Lurraldeak eta enpresak elkar elikatzen dute, elkarrekiko harremanak dituzte sare soziala elikatzeko.
Enpresa, gaur egungo egoeran, oinarrizko eta ezinbesteko eragilea da aberastasuna sortzeari dagokionez. Halaber, ingurune sozialaren eta baliabide publikoen menpe dago. Hau da, bi alderdien arteko ekarpenak etengabeak dira, eta horiek ugaritu egiten dira harremanak arinak eta errespetuzkoak badira.
Enpresa eragingarriek biztanleriari prestakuntza, kultura, bizitza proiektu duina eta kalitatekoa, profesionaltasuna ematen diote.
Aldi berean, ingurunearen gaitasun sozialak heldutasuna dakar, hazkunde indibiduala eta kolektiboa.
Lurraldean enpresa bikainak izatearen garrantzia baloratzeko ariketa bat izan daiteke langabezi egoerak gertatzen direnean ingurunean zer nolako eragin txarrak zabaltzen diren irudikatzea: desegonkortasun soziala, politikoa, familiarra, baita norbanakoen arazoak ere osasunean edo bizitza kalitatean, ondorio larriekin.
Bertaratuei hausnarketarako gai bat utzi zien, errealismo sozialez jantzita: “Beste krisi batzuetako langabeak zergatik ziren ia guztiak bertakoak eta oraingoan gehienbat kanpokoak?”.
Komunitateari, lurraldeari ekarpena egiten jarraitzeko, lortu behar dugu berrikuntzaren beharra ez dadila soilik arlo teknologikora mugatu, egitura sozialetan berritzeko ordua da, politiketan, kulturaletan, eta batez ere balioetan. Norbaitek balio bat aldatzea erabakitzen duenean, orduan ohartzen da noraino dauden sustraituta eta zenbat kostatzen den aldatzea.
Munduan zerbait egiazkorik bada, ordea, hori da dena aldatu egin daitekeela, dena hobetu egin daitekeela. Beharbada, iragana hainbeste ez goratuz hasi behar dugu, ezta ere iraganari helduz etorkizunari ekiteko (Hau dagoeneko ez da lehen zena! esaten da miraz. Gaitz erdi! esan behar dugu guk).
Arizmendiarrietaren esana gogoratu zuen: “Giza ekimen orok iraungitasunaren ernamuina eraman behar du bere baitan”, etengabe berritzearen alde, etengabe alerta egoteko eta aldatzeko jarreraren alde.
Eta gure koherentzia berrikustea komeni da: esaten dugu enpresarentzat pertsonak direla garrantzitsuena, baina irabaziak gelditzen direnean kalera botatzen ditugu. Eta balioen poltsak erabaki hori saritzen du, etekinekin eta laguntzekin. Beharbada hor aurkituko da ukatzen dugun hipokrisia.
Amaitzeko, enpresariei eta erakunde publikoei gomendatu zien enpresak lurraldean kokatzen edo bertan jarraitzen lagun dezaten, sentimenduek eta baldintza objektiboek posible eta desiragarri egiten dutelako.
Enpresen arteko lankidetzan eta enpresen eta erakunde publikoen arteko lankidetzan.
Eusko Ikaskuntzaren proiektua
Aupatu
Zabaldu
del.icio.us
Digg
Google
Technorati
Yahoo