|
Javier Salaberria Amesti Vitoria-Gasteiz, Euskal Herria. 2005-09-29 14:28 Translated by: Javier Ignacio Astigueta |
|
|
Kooperatibak munduan
Kooperatiba enpresak alderdi guztietan daude eta jarduera ekonomiko guztiak barne hartzen dituzte: kontsumitzaileak, nekazaritza, banka, aseguruak, etxebizitza, osasuna, lana eta mota guztietako ondasun eta zerbitzuak ekoizten dituztenak, arrantza, turismoa, zerbitzu pertsonalak eta sozialak…
Kooperatiba mugimendua Europako lehen iraultza industrialaren hastapenetan sortu zen (Rochdale-ko Aitzindariak dira erreferentzia historiko gailena, 1844, Ingalaterra) eta gora egin du XX. mendean zehar. Izan ere, gizakiak izugarri sortzaile azaldu dira eta kooperatiba motak asmatu dituzte giza behar bakoitzari modu demokratiko eta solidarioan erantzuteko, sehaskatik hilobiraino. Gaur enpresa kooperatibek 740 milioi kidetik gora biltzen dituzte, enpresa multinazional guztiek baino pertsona gehiago, eta partaidetza kuota garrantzitsua beretu dute oinarrizko sektore ekonomiko askotan.
Baina kooperatiba enpresak, kooperatiba mugimendua, errealitate ekonomikoa baino zerbait gehiago dira: pertsonen zerbitzuko izango den ekonomia bat, premiak ase egingo dituena, Balio eta Printzipioetan oinarritua (horiek bildurik daude Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren Identitate Deklarazioan).
Horregatik guztiagatik nazioarteko erakunde handiek –NBE: Kooperatibak garatzeko inguru egokia sortzera bideraturiko jarraibideak eta LANE: 193. gomendioa Kooperatibak sustatzeari buruzkoa– Kooperatibei aitortzen diete herrien garapen ekonomiko eta sozialari ekarritako laguntza, eta adorea ematen diete Gobernuei kooperatibak sustatu eta sendotzea faboratuko duten neurriak har ditzaten.
Kooperatiba mugimendua, Kooperatiben arteko Kooperazio printzipioari jarraituz, elkartu egin da tokiko, nazio mailako, eskualdeko eta nazioarteko egituren bidez. 1895ean jadanik Kooperatiben Internazional handia eratu zen, Nazioarteko Kooperatiba Aliantza, mundu guztiko kooperatiba erakunde adierazgarrienak biltzen dituena eta munduko gobernuz kanpoko organismo garrantzitsuena dena.
Kooperatibak Europan
Europan 300.000 kooperatiba inguru dira, 5 milioi pertsona inguru enplegatzen dituztenak. Estatu guztietan daude eta zerikusia dute kooperatiba bazkide diren 140 milioitik gora herritarren eguneroko bizitzan.
Kooperatibek aurrera egiten dute merkatu lehiakorretan eta merkatu kuota esanguratsua beretu dute hainbat sektoretan, hala nola bankuak, aseguruak, elikaduren banaketa eta nekazaritza. Orobat, hazkunde azkarra dute beste hainbatetan: osasun zerbitzuak, enpresetarako zerbitzuak, hezkuntza eta etxebizitza.
Errealitate hori kontuan harturik, Europako Batzordeak “Europako kooperatibak sustatzeari buruzko Komunikazioa” argitaratu du, kooperatibek eskaintzen duten potentziala ahalik eta gehien aprobetxatzea helburu duena. Hartarako, zenbait neurri aldezten ditu: kooperatiba eredua Europan gehiago erabiltzea sustatzea, kooperatibei buruzko europar legeria hobetzen jarraitzea eta kooperatiben egoera zein horiek komunitate helburuei egiten dieten ekarria mantendu eta hobetzea. Azkenik, eginkizun honetan Estatu kide guztien parte hartze aktiboaren premia aldarrikatzen du.
Europan badira kooperatiba elkarteen arteko erakunde indartsuak. Lehen buruan, NKAren (ACI) eskualdeko erakundea, ACI Europa, egoitza Genevatik Bruselara aldatu berri duena. Era berean, Bruselan egoitza du CCACEk (Europako Kooperatiba Elkarteak Koordinatzeko Batzordea), sektoreko europar erakundeak biltzen dituena (bankuetakoak, kontsumitzaileenak, nekazaritzakoak, elkarlanekoak…). Bi erakundeen artean baterako plataforma bat eratu dute, “Europa Kooperatibak” izenekoa, Europako Erakundeen aurrean kooperatibismoari ikusgaitasuna eta ekintza batasuna ematearren. Hori fase iragankor gisa ulertzen da, sektoreko erakundeak ACI-Europako egitura organikoan behin betiko sartu aurretik.
Kooperatibak Euskadin
Euskal Herrian lehenengo kooperatibak XIX. mendearen azken herenean sortu ziren eta arian-arian agertuz joan ziren hainbat sektoretan: kontsumokoak lehenbizi, nekazaritzakoak eta kreditukoak gero eta ondoren etxebizitzakoak, elkarlanekoak…
Kooperatiba horien jatorri ideologikoa askotarikoa izan zen, baina funtsean hiru eragin handi nabarmen daitezke: Eliza katolikoaren irakasbide soziala, batez ere nekazaritza kooperatibismoan agertzen dena (nekazaritza sindikatuak edo kooperatibak eta nekazaritza kreditu erakundeak eta nekazaritza kutxak); sozialismoa, hasieran kontsumoko kooperatibak sortzen hasi zena baina geroago Euskal Herrian gehien garatuko zen kooperatiba moldea ekarri zuena: produkzio kooperatibismoa; nazionalismoak, Elizaren irakasbide sozialean ere oinarriturik, kooperatibismoari geroz garrantzi handiagoa emanez joan zen bere proiektu sozioekonomikoaren barrenean (hasieran kontsumoko kooperatibak sortu zituzten eta bestelakoak ere gero, baina nabarmentzekoa da da produkzio industrialeko kooperatibei emango dieten garrantzi geroz handiagoa). Era berean, jakina, badira joera ideologiko horiekin zerikusirik ez duten kooperatibak, beren burua Rochdaleko Printzipioak oinarri dituen kooperatiba doktrinaren jarraitzailetzat hartzen zutenak eta halako neutralitate politikoa gorde nahi zutenak.
Jatorri eta joeren ugaritasun hori, era berean, garbi ageri da horretatik etorriko den erakunde asoziatibo ugarietan, eta horrek frogatzen ditu, zalantzarik gabe, euskal kooperatiba mugimenduaren ezaugarri izan diren dinamismo handia eta autoantolaketarako gaitasun nabarmena, baina garai hartan, saioak izan baziren ere, ez zuten integrazio edo batasun handiagoa gauzatu.
Espainiako Gerrarekin eta Diktadura eta Erregimen Frankista ezarririk, kooperatiben prozesu eta dinamika hori hautsi egin zen, hala enpresen ikuspuntuik nola elkarteenetik: kooperatiba asko desagertu ziren, batez ere euskal kooperatibagintzaren erakunde asoziatibo autonomoak. Modu horretara, euskal kooperatibagintzarentzat ere gozorik gabeko ibilbide luze bat abiatu zen orduan.
Gauzak horrela, nola ulertzen da gaurko euskal kooperatibagintzaren indarra? Zalantzarik gabe, izaera desberdineko bi faktorek ekarri zuten Euskal Herriko kooperatiben benetako pizkundea: Arrasateko kooperatibismoa izenekoa eta Espainiako Estatuan demokrazia ezarri izana.
Orain dela 50 urte, Jose Maria Arizmendiarrietaren eragin erabakigarriaren ondorioz –hala sortzaileen prestakuntza sozial eta kooperatiboan nola langileen kooperatibagintzaren sustapenean eta enpresen elkar lankidetzarako ereduan–, “Grupo Mondragón” delakoaren lehen kooperatibak sortzen hasi ziren. Beste batzuk etorri ziren gero eta, ondorioz, gaur egun MCC (Mondragón Corporación Cooperativa) izenez ezagutzen dena eratu zen, kooperatiba enpresen benetako eklosioa ekarri duena gure Herrira.
Bestalde, Espainiako Estatuan gertaturiko trantsizio demokratiko hark asoziazionismo demokratikoa ahalbidetu zuen berriro. Eta horretaz baliatu zen euskal legegileak, kooperatibaren alorrean lege eskumen osoaz horniturik, dagozkion balio eta printzipioetan oinarrituriko kooperatibagintza bat berrezartzeko eta kooperatiben asoziazio askea ahalbidetzeko (Euskal Kooperatibei buruzko Legea, 1982ko otsailaren 11koa, kooperatibetarako esparru demokratiko bat ezartzen lehena izan zen Estatuan). Euskal kooperatibek luze gabe hainbat sektoreko federazio eratu zituzten eta horiek Konfederazio bat ekarri zuten, gaur egun Euskal Kooperatiba Mugimendua egituratzen duena; horiek guztiak tresna ahaltsua izan dira kooperatiba berriak bultzatu eta sustatzerakoan.
Gure egunotan Euskal Kooperatiba Mugimenduak tamaina handia hartu du. Dagoeneko 1400 baino gehiago dira kooperatibak eta garrantzi nabarmena dute EAEn: lanean ari diren biztanleen %5 enplegatzen dute eta BPG eta BEGen %6 inguru dakarte.
Euskal kooperatiba enpresen populazio egiturari dagokionez, zerbitzu sektoreak pisu handia du aurrera doan tertziarizazio prozesu batean, baina betidanik horien ezaugarri izan den izaera industriala galdu gabe.
Era berean, lanaren kooperatibizizaioa nabarmendu beharra dago euskal kooperatibagintzaren bereizgarri gisa, ez bakarrik lan elkartuko kooperatibak nagusi direlako, baizik eta – oro har, munduko kooperatibismoan gertatzen denaren aurka–, kontsumo, kreditu, hezkuntza eta zerbitzu kooperatibetako langileak, halaber, horietako kideak direlako.
Enpresen arteko elkar lankidetza da nabarmendu beharreko beste alderdi bat, horrek bideratu baitu kooperatiba talde garrantzitsuak osatzea. Goian aipaturiko Mondragón Corporación Cooperativa -MCC da talde horietan gailena, 200 enpresa eta 70.000 enplegu baino gehiago, hiru talde handitan antolaturik: Finantza, Industria eta Banaketa, zeinak, era autonomoan badihardute ere, estrategia orokor baten barrenean dauden, Zentro Kooperatibo batek koordinaturik. Hori guztia dela eta, MCC lehen euskal enpresa taldea da, eta zazpigarrena estatu mailan.
Horrenbestez, errealitate ekonomiko-sozial garrantzitsua dugu Euskadiko Kooperatiba Mugimendua; nazioarteko presentzia geroz nabarmenagoa eta handiagoa du, euskal ekonomiaren osotasunean trakzio eginkizuna betetzen du eta erreferentzia da munduko kooperatiben mailan.
Euskal kooperatibek argi eta garbi erakutsi dute kalitatezko enplegua sortu eta mantentzeko ahalmena dutela; era berean, jende askoren garapen pertsonalean lagungu dute eta “enpresa eredu” bat bultzatu dute, eta, halaber, partaidetza eta demokrazia ekonomikoaren eskola izan dira, bai eta enpresa espirituaren hedatzeko fokua ere.
Elkar lankidetza eta kooperatiben elkartearen alorrean garatu diren formulek enpresa eredu eta kudeatze baliabide aurreratuak ezartzea erraztu dute, eta horiek lehiakortasun handiagoa sendotuz joan dira. Nazioarteko mailan horiek ezartzeak kalitatearen kultura faboratu du eta berrikuntza eta garapen teknologikoa eta enpresa jarduera berriak etengabe sortzea bultzatu dute.
Bestalde, Kooperatiba Mugimenduak, gure Erkidegoan guztiz erroturiko enpresa eredua sustatzean, hainbat alorretara ekarri du bere laguntza: tokiko eta eskualdeko garapena –hezkuntza, osasuna eta kultura alorrak barne–, aberastasunaren banaketa hobea eta kohesio soziala.
Hori guztia ezin lortuko zen Kooperatiba Mugimenduaren eta Euskal Erakundeen arteko lankidetzarik gabe, bereziki kooperatibak sustatu eta bultzatzeko arau esparru egoki eta aproposa moldatzerakoan ageri dena, bai eta helburu horretara zuzenduriko ekimen eta neurri askotarikoetan ere.
Azkenik, gaurko euskal kooperatibagintzari egindako begiratu sintetiko hau herren gertatuko litzateke dauden kooperatiba elkarteak aipatu gabe, laburki bada ere. Sektoreetako Kooperatibak ondoko Federazioetan bildu dira:
- Euskadiko Nekazaritzako Kooperatiben Federazioa.
- Euskadiko Kontsumo Kooperatiben Federazioa.
- Euskadiko Kreditu Kooperatiben Federazioa.
- Euskadiko Irakaskuntzako Kooperatiben Federazioa.
- Euskadiko Lan Elkartuko Kooperatiben Federazioa.
- Euskadiko Garraiolarien Kooperatiben Federazioa.
Bestelako Kooperatibak badira ere – Etxebizitzakoak adibidez–, oraindik ez dituzte beren erakundeak eratu; beraz, goian zerrendaturiko sei Federazioak dira EAEko eremuan dauden guztiak.
Sei Federazio horiek Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa eratu zuten 1996an, eta horrela amaitu zen Euskal Kooperatiba Mugimenduaren egituratze prozesua. Hala, kooperatiben historian ordezkaritza eta defentsa erakunde bateratu batean bildu ziren lehen aldiz, eta hori baliabide izugarria izango da Euskadiko kooperatiben hedapen eta sustapenari begira.
Javier
Salaberria Amesti
Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko
Lehendakaria
A project by the Basque Studies Society
Aupatu
Zabaldu
del.icio.us
Digg
Google
Technorati
Yahoo