Herri Urrats
Ekitaldi honen inguruan guztiz informaturik egon nahi baduzu, hona hemen Herri Urratsentzako proposatzen dugun ezinbesteko gida
1. Zer da?
Herri Urrats Senperen (Lapurdi, Iparralde) urtero ospatzen den euskara eta ikastolak bultzatzeko Seaskak (egun 20 ikastolek, ikastetxe batek eta liceo batek osatzen duten eta 2000 ikasle dituen federazioak) sorturiko jaialdia da.
Berez, Senpere aintziraren inguruan egindako 4 kilometrotako ibilaldia da, baina honek ez du esan nahi bertara doazen guztiek egin behar dutela ibilbide hori. Ibilbidea ez da besterik kilometro bakoitzeko dirua emateko modu bat eta, bide batez, laku honen inguruan dauden leku desberdinak ikusteko eta disfrutatzeko era bat.
Aurreko urteetan Anje Duhalde, Gatibu eta Kerobia bezalako taldeek jo dute Senperen.
Aurten 25 urte beteko ditu Mende laurdena, bide erdia... lelopean eta, beti bezala, ez dira faltako antzerkia, dantza, musika, txontxongiloak, jokoak eta liburu eta diskoen salmenta.
Bizkaia, Gipuzikoa, Nafarroa, Araba, Lapurdi, Zuberoak eta Haurren Txokoak osatuko dute 2008ko Herri Urrats ekitaldia.
Gune hauetan, Betagarri, Deabruak Teilatuetan, Celtas Cortos eta Sister Simone and the Holy Band bezalako taldeek joko dute. Tirolina eta zuhaitzetako ibilbideak egiteko aukera ere egongo da.
2. Helburua
Senperera joaten diren gehienek ondo pasatzeko asmoarekin doaz, goian aipaturiko ekintzetan parte hartuz, lagunekin eta familiarekin eguna era aberats batetan igarotzeko. Herri Urratsen helburu nagusia da bertako ikastolentzako etekin finantzialak ateratzea.
Estatistikak hurrengoak dira:
1969an: ikastola bat eta 8 ikasle
1975ean: 11 ikastola eta 305 ikasle
1990: 15 ikastola eta 1000 ikasle
1995: 18 ikastola eta 1450 ikasle
2000: 23 ikastola eta 1851 ikasle
2005: 24 ikastola eta 2129 ikasle
2007: 25 ikastola eta 2268
3. Ikastolak
Orain arte Herri Urratsek lagundu dituen ikastolak hauexek dira:
- Baionako Bernat Etxepare Ikastola
- Xalbador de Kanbo Ikastola. Orain dela 24 urte ospatu zen lehen Herri Urratsetik ateratako etekinei esker sortutako ikastola.
4. Etekinak
Herri Urratsen ateratzen diren etekinei esker, Seaskak ikastolak bultzatzeko aukera du. “Ateratzen den %60a ikastolen eraikuntza eta berriketa lanetara dago zuzenduta. Gainontzeko %40a Seaskara zuzenduta dago eta baita hurrengo Herri Hurratsa antolatzeko ere”.
5. 2006ko uholdeak
Aurreko urteko Herri Urrats (“Urrats bat, zazpi nahi”) oso berezia izan zen arrazoi desberdinengatik. Uholdeak jasa ondoren, festak aurrera egin zuen baina ateratako dirua ez zen bakarrik joan ikastola eta euskara proiektuetara, baita uholdeetan kaltetuta atera ziren horiei ere.
Uholde hauek zirela eta, gune bat lekuz aldatu behar izan zuten.
6. Nola iritsi?
Autobusez
Herri Urrats elkarteak autobusak antolatzen ditu Iparraldeko herri nagusietako puntu batzuetatik (hau da, Baionako Mattin Mega Denda, Hendaiako Xaia ostatua, Hazparneko Xuriatea ostatua, Donapauleko Pagola liburudenda, Mauleko Herri Ekoizpentegia, Baigorriko Oronos ostatua, Donibane Garaziko Kalaka ostatua) Senperera. Hauen prezioa 3 eurotakoa izaten da.
Kotxez
Angelu, Miarritze eta Baiona aldetik etorri ezkero, Senpereko kalera heldu baino lehen ezkerretara jo, Herri Urrats seinalea segituz. Senpereko Aintziratik 400 metrotara aparkatu daikete.
Zuberoa eta Baxenafarroa aldetik etortzekotan, Zuraideo ingurabidean eskuinetara jo behar da, Herri Urrats seinalea jarraituz. Senpereko Aintziratik 200 eta 500 metrotara aparkatzeko aukera dago.
Nafarroa aldetik helduz gero, Senpereko Amotze auzoan eskuinetara jo eta gero Senpereko Aintziraren aurrean dagoen ULM zelaian aparkatu daiteke.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Donibane Lohizune aldetik etorri ezkero, Senpereko kaletik iritsiko zarete aparkalekuetara.
Senpereko kaletik Aintzirara egun horretan goizeko 10etatik arratsaldeko 8etara doazen autobusak ere badaude.
Hara iritsi eta galderarik baduzue, han egongo diren antolatzaileek laguntza emateko prest egongo dira.
7. Esteka Interesgarriak
Herri Urrats webgune ofiziala
Alain Boscq, Herri Urratseko komunikazio arduradunari, elkarrizketa Euskonews plataforman
Seaska
Senpere Wikipedia webgunea
Lapurdi webgune ofiziala
http://www.euskosare.org/kultura/herri_urrats_ezinbesteko_gida_2008_05_09/eks_article_view