EuskoSare > Culture > Denek ezagutzen dute Olentzero... baina nor da?
Benoit Etxeberri
Baiona, Euskal Herria.
2005-12-17 15:44
Last modified: 2010-12-20 20:46
Translated by: Nerea Pikabea
Olentzero, haurrei opariak ekartzen dizkiena.

Denek ezagutzen dute Olentzero... baina nor da?

Noelen ospakizunarekin batera egiten ziren aspaldiko ohitura batzuk galduz joan dira apurka-apurka, "etxeko enborra”ren ohitura esate baterako. Baina beste ohitura bat, Olentzerorena hain zuzen, asko hedatu da Euskal Herrian eta munduko beste euskal komunitateetan.

Bizitzea maite duen pertsona baten gisan aukezten zaigu Olentzero. Bera ikazkina da eta menditik jaisten da herritarrei Jesus jaio dela iragartzera. Olentzeroren mitoak Bidasoako eskualdean du jatorria; mitoa mendez mende hedatu da eta gaur eguneko ezaugarrietara egokitu egin da. Gaur egun, forma berri bat hartzen ari da: bere izena Euskal Herri guztian zehar zabaldu da, eta Aita Noelen ordezko bihurtzen ari da, eta noski, berak ekartzen dizkie opariak umeei.

Abenduaren 24an ohitura da Euskal herrian etxez-etxe kantu-eskean ibiltzeko; aulki batean eseritako Olentzero baten laguntzaz egin ohi da.

Pertsonaje honek Lesakan du jatorria, Nafarroako ipar-mendebalde hezean kokatuta dagoen herrixka horretan hain zuzen.

Olentzerori buruzko ipuin ugari dago. Leku batzuetan beldurra sortarazten du, nahiz eta gehienetan pertsona onaren irudia izan. Urtea amaitzera doala eta urte hori aire berriek ordezkatuko dutela adierazten du.

Ipuina
Gizon umila, apala da Olentzero; benetako zein ipuinetako haur guztien bihotzetara heltzen da bere maitasunarekin.

Garai batean maitagarri bat eder bat bizi zen Euskal Herriko basoetan. Bere adatsa zeruaren antzera urre kolorekoa zen; bere begiek, berriz, suak bezala distira egiten zuten. Maitagarri guztiak bezala, pertsonetaz arduratzen zen eta deabrutxo alaiez –prakagorriez hain zuzen- inguratuta zebilen beti; bere zereginetan laguntzen zioten prakagorriek.

Egun batez, mendian zebilela, iturri baten ondoan gelditu zen bere adatsa orrazteko. Bat-batean zuhaixka batzuetan zerbait mugitu egiten zela ohartu ziren prakagorriak. Maitagarriak bere adatsa orraztzen jarraitu zuen, eta prakagorriak garraisika hasi zirenean bakarrik ohartu zen zuhaixka haien mugimenduarekin.

"Haur bat da" esan zuen nagusienak.
"Zergatik utzi dute hemen, bakarrik?" galdetu zuten prakagorriek batera.
"Nik ez dakit" erantzun zuen maitagarriak. "Zaila da hori ulertzea, izan ere hain krudela da batzuetan gizakia". "Hemendik aurrera" esaten dio maitagarriak haur jaioberriari "Olentzero deituko zaitut, liluragarria izan baita zu aurkitu izana. Eta hala, ni bizi naizen bitartean dohai hauek emango dizkizut: Indarra, Kuraia eta Maitasuna".

Orduan, maitagarriak haurtxoa hartu eta basoko etxe zahar batera eraman zuen, haurrik ez zuten bikote batengana. "Oso zoriontsu izango dira haur horrekin eta ongi zainduko dute gainera" esan zuen maitagarriak eta etxe atarian utzi zuen haurtxoa.

Hurrengo goizean goiz, eguzkia irteten hasten den une berean, etxeko gizona etxetik irten zen behiak jezteko asmoz. Haurtxoa ikustean harrituta geratu zen eta bere emazteari deika hasi zen: "Maitea, zatoz lehen bait lehen! Begira zer dagoen hemen!".

Maitagarriak aurreikusi bezala, oso zoriontsu izan ziren haurrarekin. "A ze zortea gurea" esan zuen emazteak haurtxoa oihal bero batez estaliz. Jaten eman zioten eta semetzat hartu zuten. Horra hor nola hasten den Olentzero hazten eta handitzen mendi ederretan. Gizon atsegina eta osasuntsua zen, eta oso zoriontsu egin zituen bere gurasoak; bere jatorria ezagutzeaz ez zen arduratzen. Olentzerok gogor egiten zuen lan egunero, eguzkia ateratzearekin batera, eta gero eta gehiago zahartzen ari zen aitari laguntzen zion.

Hainbat urtetan zoriontsu izan ondoren, Olentzeroren gurasoak hil egin ziren eta bakarrik geratu zen. Urteak joan ziren; aurpegia zimurtu eta ilea urdindu egin zitzaion. Bakarrik bizi izateak tristetu egin zuen eta beharrean zeuden pertsonei lagunduko ziela erabaki zuen. Hiriko etxe batean jendeak emandakoaz bizi ziren umezurtzekin gogoratu zen berehala. Haur horiek ere bere antzera bakarrik bizi zirela eta zoriontsu egin zitzakeela pentsatu zuen.

Olentzero oso azkarra eta trebea zen bere eskuekin.Orduan, egurrezko jostailuak egin zituen haur horientzat eta bere uzta saltzera hirira jaitsitakoan emango zizkien. Jostailu horiek egiteaz amaitu zuenean, poltsa handi batean sartu, hori guztia asto baten gainean jarri eta hirirantz abiatu zen. Oso zoriontsu zen egun hartan eta bere begiek pozez dir-dir egiten zuten.
Goiz oso batez mendiak zeharkatu zituen hirira iristeko. Herriko haurtxoak oso pozik zeuden Olentzerok ekarritako jostailuekin eta hurrengo eguerdirarte haiekin egon zen, eta bere aitak txikitan kontatzen zizkion historiak kontatu zizkien.

Umezurtzek ikaragarri maite zuten Olentzero eta egun maitagarri hortatik aurrera ez ziren gehiago hain bakarrik sentitu. Ordutik aurrera ezagun egin zen Olentzero hirian. Hirira iritsi eta berehala haurrez inguratuta ibiltzen zen. Hori horrela gertatu zen hainbat urtetan; baina egun batez ekaitz handi bat izan zen hirian eta mendietan, eta kalte handiak eragin zituen. Haizea bortizki zebilen eta hotz handia egiten zuen, eta herritarrak –haurrak batez ere- izutu egin ziren trumoiekin. Behin, Olentzero berriro hirira itzuli zen batean, tximista batek etxe baten kontra nola jotzen zuen ikusi zuen; su hartu zuen etxeak. Tximista bezain azkar etxe horretarantz abiatu zen eta haurrak zur eta lur ikusi zituen etxeko leihoan. Denborarik galdu gabe, sutan erretzen ari zen etxean sartu zen; haurrak sutik babestu zituen eta lehenengo solairuko leiho batetik sutontzitik atera arazi zituen haurrak. Baina irten nahian zebilela, etxearen habe zahar lodi bat jausi zen bere gainera eta puskatuta geratu zen habea. Olentzero lurrera erori zen oinazez eta bere bihotz indartsua itzali egin zen.

Jendeak negar egin zuen etxea sugarretan ikustean eta gertatutakoaz ohartzean. Jada ezin zutela ezer egin konturatu ziren. Orduan, argi distiratsu bat irten zen sutatik. Inork ezin zuen ikusi zer pasatzen ari zen, baina barnean maitagarria zegoen, eta maitagarriak Olentzero haur jaioberia aurkitu zuela ikusten zen suko distiran. Orduan, Olentzerori deika hasi zen ahots leunarekin: "Olentzero! Olentzero!". Maitagarriak esan zuen: "Olentzero, gizon ona, zuzena eta maitekorra izan zara. Bizia eman duzu besteendako eta orain zure bizia galdu duzu besteen bizitza salbatzeko. Nik zu hiltzerik ez dut nahi. Nik zu betiko bizitzea nahi dut. Hemendik aurrera, jostailuak eta bestelako opariak egingo dituzu hiri honetako eta Euskal Herri osoko umezurtzentzat".

"Guk lagunduko zaitugu" esaten diote prakagorriek Olentzerori bere inguruan saltoka.

Horregatik, urtero neguaren erdialdean, urtearen amaieran, Olentzero Euskal Herriko herri guztietara joaten da familiarik ez duten haurrei opariak eta jostailuak ematera. Haur guztiek Olentzeroren etorrera ospatzen dute, eta abestiak abesten dituzte eta maitasun, indar eta kuraiaren mezua hedatzen dute. Pertsona batzuek ez dute sinesten Olentzerorengan. Baina euskal esaera zahar batek honela dio:

"Izena duen guztia bada, guk badela sinestsiz gero"

Guk ere Olentzeroren lekua bisitatzera gonbidatzen zaituztegu... izan ere, interneten ere badu bere tokia.


Rate:

hau ipuin polita!!

Sent by Verónica Domingo at 2008-03-18 01:59
benetan, zein polita den kontatu diguzun istorioa, Benoit. Nik ez nuen ezagutzen, Olentzerori buruz nekiena zen Aita Barandiaren mitologiari buruzko hiztegiak dakarren bertsioa, hau da Olentzerko zen azken jentila, eta jentilak desagertu baino lehen Olentzerori agindu zioten euskaldunen artean zabaltzeko berri ona, Jaungoikoaren semea jaio zela. Jentilek Kristori Kixmi esaten zioten. Eta horregatik Olentzero beti gabonetan agertzen zen.
Agur eta laster arte.
VERO
http://www.euskosare.org/kultura/olentzeroren_historia/eks_article_view