EuskoSare > Culture > Sabin Salaberrik, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona 2007 Sariduna, apirilaren 20an jasoko du saria
2008-04-17 13:45
Last modified: 2008-04-17 13:45
Sabin Salaberri © Eresbil

Sabin Salaberrik, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona 2007 Sariduna, apirilaren 20an jasoko du saria

Epaimahaiak bere sorkuntza, dibulgazio eta musikaren irakaskuntzan Araban egindako lana nabarmendu zuen

Sabin Salaberri Urcelay arabar musikariak lortu zuen Manuel Lekuona 2007 Saria. Urtero banatzen duen saria Eusko Ikaskuntzak euskal kulturaren munduko pertsonen artean, beren obra guztiaren onarpen gisa.

Aramaion 1934an jaioa, Salaberri Teologiaren Historia espezialitatean lizentziatu zen eta Tomás Echávarrirekin ikasi zuen pianoa, armonia Julio Valdésekin eta konposizioa Francisco Escuderorekin. 1960an Gasteizeko seminarioko “Schola Cantorum”eko zuzendari izendatu zuten eta 1968tik Coro Araba zuzentzen du, honekin, euskal musikaren aldeko zabalkunde lan izugarria egin du eta berak sortutako obra landu du.

Musika irakaskuntzan aritu da bere ibilbide guztian, esan daiteke Sabin Salaberri Arabako musika irakaskuntzaren arduradun nagusi izan zela denbora luzean zehar: Olabide Ikastolan irakasle izan zen eta 1975etik Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan, Carmelo Bernaola jubilatzean, 1991ean, Kontserbatorioko zuzendaritza bere gain hartu zuen eta 90. hamarkada hasieran Luis Aramburu Udal Musika Eskola zuzendu zuen. Gainera, 1988an Arabako Foru Aldundiko musika irakaskuntza planifikazioa bere gain hartu zuen 1988an.

1996an San Fernandon Arte Ederretako Akademiako kide izendatu zuten. Eusko Ikaskuntza eta Real Sociedad Bascongada de Amigos del Paíseko kide da. 1999an Aramaioko Udalak Seme Kuttun izendatu zuen eta 2006an Urrezko Celedon jaso zuen Gasteizen egindako lanaren onarpen gisa.

Manuel Lekuona Saria

Manuel Lekuona Saria 1983an lortu zuen Eusko Ikaskuntzak euskal kulturako pertsonalitateen onarpen gisa, beti ere, obra guztiak (opera omnia) interes nabarmena badu. Aurreko edizioetan saritutakoen artean honokoak daude, besteak beste: Jorge Oteiza, José Miguel de Azaola, Justo Gárate, Bernardo Estornés, Carlos Santamaría, José Mª Jimeno Jurío, Eugène Goyheneche, Micaela Portilla, Elías Amézaga, Menchu Gal edo Manuel Lekuona bera. Saritzat Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat emango zaio sarituari oraindik zehazteko dagoen egunean egingo den ekitaldi publiko batean.


Rate:
http://www.euskosare.org/kultura/sabin_salaberri_manuel_lekuona_2007_saria/eks_newsitem_view